Gazte Sortzaileak bekarekin bost proiektu berri saritu dituzte

Jon Hidalgo 2025eko azaroaren 7a

11 proiektutik bostek lortu dute udalaren beka. Argazkia: Gasteizko Udala

Bekaren 11. edizioan ere euskarazko sorkuntza gaztea sustatzeko laguntzak emango dituzte Gasteizko Udalak eta aldundiak. Prozesu osoa euskaraz gauzatzeko konpromisoa hartu dute irabazleek.

Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sustatutako ‘Gazte Sortzaileak’ beka programak bost proiektu artistiko saritu ditu hamaikagarren edizioan, euskarazko sorkuntza gaztearen aldeko apustua berretsiz. 2025eko deialdian hamabi gaztek parte hartu dute, eta 11 proiektu aurkeztu dituzte. Horietatik bost hautatu dira:

Kutxatu Gasteiz (Maixa Utrera): Gasteizko emozioak kutxatan bildu eta sare sozialetan zabalduko ditu baikortasunez.
Bizitza baten koplak (Laura Meabe): Bakarrizketa moduan kontatutako bizipen poetikoak.
Garun Null (Jon Garrido): Garunaren esplorazioa diziplina anitzeko proiektu artistiko baten bidez.
Akerra Marioker (Miren eta Itziar Uriarte): Ipuin klasikoak "mariokertzen" dituen podcast berritzailea.
Doluak (Iker Clavero): Bere lehen diskoaren bideoklipak sortuko ditu, "doluaren inguruko sorkuntza musikala".

Saridunek 4.000 euro arteko dirulaguntza jasoko dute, eta prozesu osoa euskaraz gauzatzeko konpromisoa hartu dute. Proiektuak urtean zehar aurkeztuko dira, sorkuntza fasetik hasi eta azken emaitzara arte.

Maria Nanclares Euskara zinegotziak gazteen parte hartzea eta euskarazko sormenaren garapena nabarmendu ditu: “Gazte Sortzaileak programaren helburua da euskarazko sorkuntza artistikoa bultzatzea, parte hartzaileei laguntza profesionala eta ekonomikoa emanez. Beren talentua indartzea eta beren lana zabaltzea lortu nahi da horren bidez”. Gazteen "ahotsa, sormena eta euskarazko adierazpena indartzen" jarraitzen du Gasteizek, belaunaldi berrien ekarpen artistikoari ateak zabalduz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago