Gasteizko Sidenor enpresan lau langile kaleratu dituztela jakinarazi dute. ELA eta LAB sindikatuek aste hasieran ohartarazi zuten diziplina espedienteak zabaldu zizkietela langileei eta kaleratzeko arriskuan zeudela. Egun batzuetara heldu da behin betiko neurria, ostegun honetan jakin da lau langileak kaleratu dituela.
Lan sindikala zigortzera leporatu diote LAB eta ELAk Sidenorri. Izan ere, kategoria profesionalagatik zegokien plus baten inguruko eztabaida izan da gaiaren muina. Urtarrilean hasi ziren plus hori jasotzen, eta sei hilabeteren ostean kontsolidatuta behar zuen gehigarri horrek. Hala ere, salatu dute abuztuan enpresak ordaintzeari utzi ziola, "irailean plusa kendu zuen, eta urrian jasotako zenbatekoa nominatik kentzeko agindua eman zien", LABek jakinarazi duenez.
Langileek erreklamazioa aurkeztu zuten, eta auzibidera jotzea erabaki zuten. Horren aurrean diziplina espedientea zabaldu eta langileak kaleratzea izan da enpresaren erantzuna. Sindikatuek enpresaren jarrera salatu dute; jazarpen sindikala eta eskubideen urraketa leporatu dizkiote zuzendaritzari.
"Jarrera antisindikala eta antidemokratikoa" egotzi dio LABek. Kaleratzeak gehiegizkoak direla esan du, eta enpresa oinarrizko joko arauak apurtzen ari dela. ELAk salatu du enpresaren jarrera "fede txarrekoa" dela, eta langileak beldurtzea dela zuzendaritzaren helburua. Bi sindikatuek iragarri dute behar diren ekintzak abiatuko dituztela langileak berronartu arte.