Amaia Arrazola ilustratzailea hil da

Anakoz Amenabar 2025eko azaroaren 6a

Liburu ilustratu ezagunak sortu zituen Arrazolak. Argazkia: A. ARRAZOLA

'Waba Sabi' eta 'Totoro y yo' liburuak eta horma irudi handiak egin zituen gasteiztarrak, beste hainbat lanen artean.

Amaia Arrazola ilustratzaile gasteiztarra 41 urterekin hil da, Bartzelonan, minbizi baten ondorioz. Zenbait libururengatik—Waba Sabi eta Totoro y yo— eta horma irudi handiengatik egin zen ezagun, eta bere hiriko hainbat proiektutan ere parte hartu zuen, besteak beste, 2024ko Gasteizko jaiak iragarri zituen kartelarekin.

Publizitate eta Harreman Publikoetan lizentziatu zen Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta publizitatearen sektorean arte-zuzendari gisa lan egin zuen lehenik. 2010ean Bartzelonara joan zen eta freelance ilustratzaile gisa hasi zen lanean, hainbat markarentzat (Uniqlo, Nike…) eta erakunderentzat (Bartzelonako Udala, Bartzelonako Unibertsitatea, Bizkaiko Foru Aldundia…) proiektuak eginez.

2018an argitaratutako Waba Sabi liburua bere ibilbidean mugarri izan zen; Japonian izandako esperientzian oinarritutako lana izan zen. Beste lan ezagun batzuk ere sortu zituen, hala nola Totoro y yo (2022), El meteorito eta haur literaturako titulu ugari, Buenas noches, Simón kasu. Azken urteetan hainbat proiektu garrantzitsu egin zituen: Alegría ikuskizunerako (Cirque du Soleil) mural bat sortu zuen eta 2023an Madrilgo Udalaren Compartiendo Muros programaren lehiaketa irabazi zuen Contra el olvido proposamenarekin. Lan horretan, Sinsombrero izeneko emakume sortzaile ausartei egin zien omenaldia, XX. mendeko lehen hamarkadetan "espazio publikoa askatasunez okupatu zuten artistei".

Gasteizen egindako proiektuen artean, 2019an, horma-irudi bat margotu zuen, emakume pilotarien omenez, Astronomoetako trinketean. 2024an, berriz, hark sortutako irudia aukeratu zuten Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko.

Amaia Arrazola, Sonia Diaz de Corcuera zinegotziarekin, 2024ko Andre Maria Zuriaren jaietako kartela aurkezten. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Astronomoetako trinketean emakume pilotarien horma-irudia egin zuen Arrazolak. Argazkia: RICARDO LOPEZ DE CALLE

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago