Judimendi auzoak Bizan berria izango du. Azkenik Gasteizko Udalak erantzun dio auzoko bizilagunek aspaldi zuten aldarrikapenari, eta zentro irisgarria eta adinekoen beharretara egokitua izango dute. Zentro berria gaurkoaren kale berean dago, Cola y Goiti kalean, eta Saez de Quejanatarren kaletik ere izango du sarbidea.
Lokal berriaren obrak 2027an hastea aurreikusita dago. Bi lokal pribatu eta aldundiaren jabetzakoa den hirugarren lokal bat batuta eraikiko da Judimendiko zentro berria, ia 800 metro koadro izango ditu, eta erabat irisgarria izango da.
Bizan berriak gaur egungoak dituen zerbitzu guztiak izango ditu, eta horiei beste batzuk gehituko zaizkie, hala nola jantokia (gaur egun ez du halakorik) eta zaintzako gizarte zerbitzuak (oraingoz, Aranan eta Koroatzae-Landazurin bakarrik funtzionatzen dute, proba pilotu moduan).
Maider Etxebarria alkatea, Beatriz Artolazabal alkateaordea eta Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotzi izan dira proiektu berriaren aurkezpenean. Bizan berriaren kokapena egokia bilatzeko kudeaketa lan handia egin behar izan dutela azaldu du Royerok, "baina azkenean oso irtenbide egokia lortu dugu". Alkatearen arabera, Judimendi auzoaren eskaera historiko bati erantzuten dio udalak, eta "legealdiaren hasieran hartu genuen konpromisoa betetzeko" balioko duela azpimarratu du.