Marwa Arsanios (Washington DC, 1978) libanoar jatorriko artistaren Lurrak ez du jaberik izango bakarkako erakusketa inauguratuko du Artium museoak ostiral honetan. Munduko hainbat geografiatan lurra birjabetzeko eta ustiatzeko politikei buruzko ikerketa jarraitua islatzen du bildumak. Apirilaren 7ra arte ikusi ahal izango da.
Inaugurazioa dela eta, museoan hainbat jarduera antolatu dituzte astebururako. Ostiralean bertan, azaroak 7, 18:00etan, Artiumeko auditorioan, artistak berak eta Agustin Perez Rubio erakusketaren komisarioak solasaldi bat eskainiko dute. Topaketa honetan, Arsaniosek lurraren banaketa eta erauzketa politikak zein komunitateen antolatzeko eta autodefendatzeko moduak aztertuko ditu.
Larunbatean, berriz, 12:00etan, Artiumek bertso saio bat hartuko du Plaza aretoan, Consonni argitaletxearekin elkarlanean. Saioa Zirriborroak eta gero argitalpenean oinarrituko da, etorkizun utopikoei eta alternatiba sozialei buruz hausnartuz; besteak beste, Katixa Agirre, Harkaitz Cano, Belen Gopegi eta Patxi Zubizarreta idazleen kontakizun laburrak oinarri. Uxue Alberdi, Unai Iturriaga eta Sustrai Colina bertsolariek parte hartuko dute saioan, Ainhoa Urien gai-jartzailearekin.
Azkenik, larunbatean bertan, azaroak 8, 19:00etan, Marwa Arsaniosek hitzaldi bat eskainiko du Donostian, Euskadiko Arkitektura Institutuan, Mugak Arkitekturako Biurtekoaren esparruan. Bere ikerketaren gai nagusia lurraren aldeko borrokak izanik, Arsaniosek Who is Afraid of Ideology? epe luzerako proiektuaren bidez ezagututako lurraren komunalizazio estrategiak errepasatuko ditu. Jarduera doakoa da, baina kasu honetan aldez aurretik izena eman beharra dago Biurtekoaren web orrian.