Gizon bat atxilotu dute Gasteizen, auto batzuen artean pixa egiten ari zen neska bat grabatzeagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko azaroaren 3a

Telefono mugikorra kendu diote gIzonari poliziek. Argazkia: FREEPIK

Intimitatearen aurkako delitua egitea leporatu diote gizonari. Aske utzi dute epailearen aurrean agertzeko zain.

Ertzaintzak 32 urteko gizon bat atxilotu du igande goizaldean, intimitatearen aurkako ustezko delitu bat egotzita, auto batzuem artean pixa egiten ari zen adingabe bat telefono mugikorrarekin grabatzeagatik.

Gertakariak 02:00ak aldera izan dira, Gasteizko Alde Zaharreko kale batean. Patruila bat bertaratu da, eta hainbat gazte aurkitu ditu. Gazte horiek gizon bat atxikita zuten, eta adierazi dute gizonak adingabe bat grabatu duela telefono mugikorrarekin.

Ertzainei jakinarazi dietenez, antza denez, gazteak egin duena aurpegiratu dio gizonari, eta irudiak ezabatzeko eskatu dio, baina gizonak ukatu egin du gertatutakoa, eta miatzeko iradoki dio gazteari. Une horretan, pertsona gehiago iritsi dira, eta, ondoren, Ertzaintza.

Ertzainek salatutako gertakariak egiaztatu dituzte, eta telefono mugikorra kendu diote egileari, eta atxilotu egin dute, intimitatearen aurkako ustezko delitu bat egotzita.

Komisaldegian egindako eginbideen ondoren, atxilotua aske utzi dute, epailearen aurrean agertzeko zain.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago