Bi EAG eta Santiagon larrialdi zerbitzu osoa aldarrikatu dute

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 31

Osasun Publikoa Aurrera plataformak Olagibeleko osasun zentroaren aurrean elkarretaratzea egin du ostegun honetan.

Osasun Publikoa Aurrera plataformak iragarri du borrokan jarraituko duela Gasteizko bi EAGak "365 egun eta langile guztiekin izan arte" eta Santiago ospitaleko larrialdietan baliabide guztiak izan arte, "hiritarron bizitzak arriskuan ez jartzeko". Astero egiten duten bezala kontzentrazioa egin dute ostegun honetan ere Olagibeleko osasun etxearen aurrean.

Plataformaren irudikoz Gasteizen EAG bat soilik dago, "San Martinekoak asteburuetan bakarrik funtzionatzen duelako". Larrialdiei dagokienez, salatu dute urteak igaro direla Santiago ospitalea "bururik gabe utzi zutenetik", zerbitzu mediko gehienak eta kirurgiko guztiak Txagorritxun daudelako eta zainketa intentsiboetako unitaterik ez dagoelako. "Hemen artatzen den larrialdi larri bakarra psikiatrikoa da", azpimarratu dute.

"Okerrena da Osakidetzak ezkutatu egiten diela egoera herritarrei dena ondo doala saltzeko, eta informazio falta hilgarria izan daitekeela", esan dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago