Gasteizko San Frantzisko komentuaren eraisketa, zuzenean

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2025eko urriaren 30a

Gasteizko San Frantzisko komentua eraisteari buruzko grabazio argitaragabeak aurkitu ditu Sancho el Sabio Vital Fundazioak.

Gasteizko San Frantzisko komentuaren 1930eko eraisketa jasotzen duten etxeko bi zinta aurkitu ditu Sancho el Sabio Fundazioak bere funtsen artean. Minutu gutxikoak dira bi pieza horiek eta zaharberrituta aurkeztuko dituzte hurrengo azaroaren 11n, 18:30ean, fundazioaren egoitzan. Halere, gaur bertan zinta horien aurrerapena zabaldu du fundazioak.

Arabako Kutxen artxibo historikoen azterketa eta ikerketaren testuinguruan aurkitu dituzte komentuko grabazioak. Hain zuzen Rafael Resinesek Gasteizko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxearen Aktetako X. Liburua deskribatzen zuen bitartean aurkitu zituzten zintak. Hartara, artxibozainak berak aurkeztuko ditu grabazio horiek, artxiboko dokumentazioaren kudeaketaren ikuspegitik, eta egun horietan gertatu zenaren laburpena egingo du, aktetan kontatutako gertakarietatik abiatuta.

Aurkezpen horretan Isabel Mellen eta Gorka Lopez de Munain historialariek eraistearen testuinguru historikoari buruzko solasaldia ere egingo dute. Tenpluaren historia errepasatuko dute, Erdi Aroko sorreratik XX. mendera arte, eta haren "suntsipen ulertezina" ekarri zuten arrazoien gakoak emango dituzte, "eraikina ez ezik, haren harresien barruan gertatu zen guztia ere ahaztera kondenatu zuen ekintza", historialariek aurreratu dutenez. Erakundeek ondarearekin duten harremanaz eta ondarea kontserbatzeko erantzukizun kolektiboaz hausnartzeko aukera izango da hitzaldi hori, bai eta Gasteizko eta Arabako memoria historikoa birsortzeko beharrezkoa den artxibo lanaz hausnartzeko ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago