Zinema Gaur zikloa Montehermoso kulturunera itzuliko da azaroan eta abenduan, gaur egungo zineman joera berriak sortzen ari diren emakumezko zinemagileen lana azpimarratuz. Angela Schanelec, Alice Rohrwacher eta Payal Kapadia bezalako nazioarteko zuzendari ezagunen filmak erakutsiko dituzte Ortuño aretoan, jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin. Gasteizen oraindik estreinatu ez diren lanak izango dira pantaila handian.
Proiekzio nagusiez gain, zikloak jarduera osagarri ugari eskaintzen ditu zinema esperientzia aberasteko. Horien artean dago Rocio Mesa zuzendari granadarraren Secaderos filmaren aurkezpena, baita berak emango duen kamerarik gabeko zinemari buruzko tailer praktikoa ere. Gainera, Pello Gutidrrez euskal zinemagileak 2024ko Zinemaldian saritutako Erreplika bere azken lana aurkeztuko du.
Eskaintza berezia osatzeko, Nuria Jimenezen My Mexican Bretzel filmaren emanaldi berezi bat egingo da klaustroan, Jon Agirrezabalaga (Zabala) musikagile bilbotarraren zuzeneko musikarekin lagunduta. Ziklo hau berreskuratzeko, Garbiñe Ortega zinema kuradore gasteiztarraren parte hartzea izan da berriz ere. Ortegak herritarrak, zinemazale izan ala ez, programazio askotariko eta anitz honetara hurbiltzera gonbidatu ditu, "harrituko gaituzten eta gorputza zeharkatuko diguten istorioak" aurkitzeko.
Zinema Gaur zikloa azaroa eta abendua bitartean egingo da, eta jarduera guztiak doakoak izango dira. Proiekzioetarako sarbidea librea da lekua bete arte, baina zenbait jardueretarako aurretik izena eman edo gonbidapena erreserbatu beharko da. Programazio osoak zazpi jarduera biltzen ditu, tartean La Chimera eta Música bezalako lanak.