Auzokideen parte hartzea eskatu dute Errotan eskola segregazioarekin amaitzeko

Jon Hidalgo 2025eko urriaren 29a

Eskolaren jolastokian aurkeztu dute herritarren ekimena. Argazkia: ALEA

Landazuri eta Santa Maria eskolak batu egingo dira Errota eskola publikoan. Momentu hau baliatuta Errotan Errotu sarea sortu dute, "babesa eta bultzada" emateko D ereduko eskola berriari.

Gasteizko Errota auzoan, Landazuri eta Santa Maria ikastetxe segregatuak fusionatu eta eskola publiko berri bat sortuko da: Errota Eskola. Proiektu honen inguruan, auzoko eragileek Errotan Errotu sarea sortu dute, eskola berriari babesa emateko eta auzoko familia guztiak bertan parte hartzera gonbidatzeko.

Eskola berria D ereduko lerrokoa izango da, eta sarearen helburu nagusia da auzoko errealitatea islatzen duen ikas komunitate anitza eraikitzea. Horretarako, Errotan Errotu sareak hainbat ekimen antolatuko ditu datozen hilabeteetan. Bizilagun topaketak, truke azokak, tailerrak eta 0-2 urteko haurren gurasoentzako espazioak eskainiko dituzte, Judimendin arrakasta izan duen eredua jarraituz. Gainera, ikasleek bideoklip bat grabatuko dute Topa kultur elkartearekin, eskola eta auzoaren arteko lotura indartzeko.

Segregazioarekin amaitzeko erronka

Santa Maria eta Landazuri ikastetxeek ibilbide ezberdina izan dute: lehena A ereduko eskola izan da, ijito eta migratzaileen seme-alaben erreferentziazkoa; bigarrena, berriz, Gasteizko ikastola historikoa izan da, baina azken hamarkadan segregazio prozesu sakona jasan du. Biak eraikin berean egon dira, ate ezberdinetatik sartuta, baina jolastokia partekatuz.

Errotan Errotu sarea osatzen duten eragileen artean daude Landazuri eta Santa Mariako irakasle eta langileak, gurasoak, Errota Zaharra auzo elkartea, Baratza aretoa, Errota Anitza, kale hezitzaileak, Aldabe gizarte etxea, Goian elkartea, Topa kultur elkartea eta Eskola Publikoaz Harro plataforma. Guztiek bat egin dute eskola publikoa, euskalduna eta anitza eraikitzeko erronka kolektiboan.

Eskola berria auzoko familien parte hartzearekin eraiki nahi dute, eta instituzioei eskatu diete benetako apustua egiteko, hezkuntza proiektuan oinarritutako birgaitzea eta behar besteko inbertsioa egin dezaten.

Sareko kideek adierazi dute datozen hilabeteetan haien lana izango dela eskola ezagutaraztea eta auzokideak eskolara gerturatzea. Errotan Errotu sarearen mezua argia da: "Eraiki dezagun elkarrekin guztiona eta guztiontzat izango den auzoko eskola publikoa".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago