Gasteizko Alde Zaharreko etxebizitza bloke batean bizi diren hamar familia etxegabetzeko arriskuan daude, Auzoan Bizi etxebizitza sindikatuak salatu duenez. Ohartarazi dute aldebakartasunez hartu duela erabakia Berakah fundazioak, eta ez diela familiei "inolako etxebizitza alternatibarik eskaini". Azaldu dute ez dagoela prozesu judizialik martxan, eta beraz, "etxegabetzeak legez kanpokoak" liratekeela.
Auzoan Biziren babesarekin, familiek jakinarazi dute ez dutela etxerik utziko "alternatiba duin eta iraunkorrik gabe, kalean geratzea ez baita aukera bat". Gehienek hilabete gutxi batzuk eta bi urte artean daramate bizitzen bloke horretan, eta adin txikiko haur ugari bizi dira bertan. Berakahren laguntza programa baten bidez sartu ziren etxebizitza horietara, baina orain, fundazioak "bat-batean" eten ditu akordioak, familiei arrazoiak zehaztu gabe. Hamar familiek gutun bat jaso zuten duela bi hilabete, esanez urriaren 31rako etxeak utzi beharko zituztela.
Berakah Santa Maria eta San Bizente Martir parrokietako gizarte ekintza da, eta finantzazioa Gasteizko elizbarrutiaren bidez eta Vital fundazioaren bidez jasotzen du, dohaintza anonimoez gain. Auzoan Bizik salatu duenez, erakundearen jarduna “erabat pribatua eta opakua” da, eta irizpideak ez dira publikoak.
Ez da lehen aldia Berakahren jarduna auzitan jartzen dena. 2023 eta 2024 artean, hiru familia etxegabetu zituzten, eta sindikatuak salatu du argi mozketak, xantaiak, mehatxuak eta tratamendu arrazistak jasan dituztela zenbait familiek. Auzoan Bizik exijitu du etxegabetze saiakera guztiak berehala gelditzeko eta etxebizitza alternatiba duin eta iraunkorrak eskaintzeko. Halaber, herritarrei dei egin die "etxebizitzaren gatazkan posizioa hartu eta antolatzeko".