Irailean 200.000 bidaia egin dituzte doan gazteek Tuvisan

Jon Hidalgo 2025eko urriaren 28a

Doako bidaiak zein ordainpekoak hazi dira aurten Tuvisan. Argazkia: Gasteizko Udala

Hamabost urtetik beherakoentzat doan bidaiatzeko aukera zabaldu zen uztailean, ordura arte hamabi urtetik beherakoentzako soilik zena, eta errekor guztiak hautsi dira irailean, ikasturtea hastearekin batera.

Gasteizko Tuvisa autobus zerbitzuak errekor historikoa hautsi du joan den irailean, hamabost urtetik beherakoentzako doakotasuna zabaldu izanak eraginda. Doako 204.821 bidaia erregistratu ziren, iazkoa baino % 70 gehiago.

Gogoratu behar da uztailera arte doakotasuna 12 urtetik beherakoei bakarrik aplikatzen zitzaiela. Abuztuko datuekin alderatuta, kopurua ia hirukoiztu egin da irailean. Guztira, 1.664.306 bidaiari garraiatu ziren hilabete horretan, aurreko urteko datuekin alderatuta % 7,95eko hazkundea.

Izaskun Reyes Tuvisako presidenteak adierazi duenez, "doakotasuna handituta, autobusa gero eta formula erakargarriagoa bihurtzen ari da ikastetxeetara joateko. Orain erronka iraileko datu ona sendotzea da". Autobus zerbitzuaren ordezkariaren hitzetan, "sekulako onurak" ditu familientzat garraio publikoaren alde egiteak, udalaren mugikortasun jasangarriko estrategiaren baitan.

Urteko kopuru metatua ere gorantz doa: 14.029.526 bidaia zenbatu dira orain arte, eta lehen aldiz gainditu da 14 milioiko langa. Horietatik 4,2 milioi BEI zerbitzuari dagozkio. Azken hau da, berriz ere, gehien erabili den aukera. Barik eta Mugi txartelen erabilerak ere gora egin du. Irailean, %11,2 eta %9,1eko igoerak izan dituzte, hurrenez hurren, garraio publikoaren erabilera "gero eta errotuago dagoela" erakusten du honek, Tuvisako buruaren arabera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago