Alice Cooper eta Social Distortionek zabaldu dute Azkena Rockeko kartela

Jon Hidalgo 2025eko urriaren 28a

77 urteko abeslari estatubatuarra da oraingoz kartelburu nagusia. Argazkia: Alice Cooper

Ekainaren 18tik 20ra ospatuko da aurten Azkena Rock Festival. 24. edizioa du jada. Azaroaren 4an zabalduko da sarrera salmenta orokorra, 125 euroan hasita, salbuespenekin.

Azkena Rock Festivalaren 24. edizioa ekainaren 18tik 20ra ospatuko da Gasteizko Mendizabaleko gunean, eta Alice Cooper izango da kartelburua. Shock rockaren aitzindariak ikuskizuna eskainiko du, horror, burlesque eta vaudeville ukituekin. Datorren urtean Espainiako Estatuan emango duen kontzertu bakarra izango da, iragarri dutenez. 77 urte ditu jada Cooperrek (Gasteiza itzultzerako 78), baina sasoia mantentzen du mundu mailako birak egiten jarraitzeko.

Social Distortion taldeak ere parte hartuko du jaialdian, lau urteko etenaldiaren ondoren. Mike Ness buru duen taldeak blues ukituko rocka eskainiko du. Galera, borroka pertsonala eta adikzioei buruzko abestiekin dantzan jarriko dituzte zaleak. Horiez gain, Imelda May eta Darrel Highmanek osatutako bikoteak show esklusiboa eskainiko de, eta Jason Isbell & The 400 Unit taldeak country alternatiboaren eta folkaren doinuak ekarriko ditu.

Punkaren ikur Evaristo Paramos ere arituko da oholtza gainean Mendizabalean, La Polla Records, Gatillazo eta Tropa do Carallo proiektuen abestiekin. Jaialdiak rockaren adar ezberdinak bilduko ditu: Old Crow Medicine Show eta SUGAR bezalako talde beteranoak, eta Tropical Fuck Storm bezalako proposamen berritzaileak, azken hauek Fairyland Codex lana aurkeztuko dute. Sleaford Mods, Therapy?, Corrosion of Conformity eta Voivod ere izango dira bertan.

Sarrerak urriaren 29an jarriko dira eskuragarri aurreko edizioetako parte hartzaileentzat, azaroaren 3an "Fan" salmenta eta azaroaren 4an salmenta orokorra. Prezioak 125 eurotik hasiko dira, eta gazteentzako Bono Gaztea (100 euro) eta Bono Kuadrilla (sei sarrera bosten prezioan) bezalako aukerak mantenduko dira. 14 urtetik beherakoek doan sartu ahal izango dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago