Bihar hasiko da Afrikaldia zinema jaialdia Gasteizen

Erredakzioa 2025eko urriaren 27a

'Catcher' filmeko irudia, aurten Afrikaldian ikusgai. Argazkia: Afrikaldia

Afrikar Zinemen Euskal Jaialdiak bosgarren edizioa du jada. Urriaren 28tik azaroaren 4ra ospatuko da, hamabi lan zinematografiko eta hamalau jarduerarekin.

Afrikaldia jaialdiaren bosgarren edizioa bihar abiatuko da, Europa jauregian egingo den inaugurazio galarekin. Urriaren 28tik azaroaren 4ra bitarte, Gasteiz Afrikako zinemaren eta kulturaren epizentro bihurtuko da. Hamabi lan zinematografiko eta hamalau jarduera paralelo eskainiko dira, zinema, kultura eta elkartasuna uztartzen dituen ekimen honetan. Afrikako ahotsak eta istorioak gerturatuko dizkigu Arabako hiriburura.

Jaialdiaren sail ofiziala hamabi filmek osatuko dute: sei fikziozko lan eta sei dokumental, guztiak estreinaldi absolutuak. Proiekzioak Florida zinema aretoetan eta Izaskun Arrue Kulturgunean egingo dira, azken honek lehen aldiz hartuko du parte ekimenean. Guztira, hemezortzi saio izango dira: hamabi gaztelaniaz eta sei euskarazko azpitituluekin.

Afrikaldia ez da zinema jaialdi hutsa; "kulturen arteko zubia" da. Hala adierazi du Ana Lopez de Uralde Garapenerako Lankidetza zinegotziak. Jaialdiak, gainera, nazioarteko gonbidatuak hartuko ditu: zuzendariak, ekoizleak eta artistak, ikusleekin hitz egiteko eta jardueretan parte hartzeko. Filmak hogei bat herrialdetatik heldu dira, eta nazioarteko sari ugari jaso dituzte.

Inaugurazio gala Sambou Diaby aktoreak gidatuko du, eta ‘As Aventuras do Angoast’ filma proiektatuko da. Pelikulak espaziora bidaiatzea amesten duen gazte baten istorioa kontatzen du, eta bertan izango dira zuzendariak, Resem Verkron eta Marc Serena, ikusleekin solasaldia egiteko. Gala Betto Snayk musikari angolarrak itxiko du, eta aurten hil den Souleymane Cissé Maliko zinema zuzendariari omenaldia egingo zaio. Hemen ikus daiteke egitarau osoa.

Afrikaldia Kultura Bendera eta Africanista Manuel Iradier elkarteek antolatu dute, eta Gasteizen bizi diren hamasei afrikar kolektibok parte hartuko dute. Jaialdiak Eusko Jaurlaritzaren, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Vital Fundazioaren babesa du, eta baita hiriko komertzioen laguntza ere. Zinema industriako profesionalei zuzendutako jarduerak Europa jauregian egingo dira, eta gazteentzako tailerrak EHUren Arabako Campusean eta beste hainbat ikastetxetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago