Urtero bezala, programazio berria du Hala Bedi irratiak, eta jendaurrean aurkeztu du larunbat honetan, urriaren 25ean. Aiztogile kaleko Hala Bedi Tabernan egin dute Parrillada, irratsaio zaharrak eta berriak elkartuta.
Aurten hainbat irratsaio berri emitituko ditu Hala Bedik, eta irratsaio ezagun ugarik bertan jarraituko dute beste urtebetez. Guztira 27 saio propio ekoitziko ditu irratiak. Horietako 10 kultura arlokoak dira, 9 musikari buruzkoak eta 8 gizarte gaiei buruzkoak. 11 irratsaio egingo dira euskaraz eta 16 gaztelaniaz. Horretaz gain, aste tarteko goizetan Suelta La Olla magazina emitituko da, 10:00etatik 12:00etara.
Aurten, irratia pizteko deia egin dute berriz. Antenarekin izandako arazo batzuk medio hainbat hilabetez ezin izan da ondo entzun emisio analogikoa, baina dena martxan dagoela jakinarazi dute. Lukon kokatutako antena propioa eskuratu du Hala Bedik, eta bertatik ari dira emititzen Gasteiz, Lautada eta beste hainbat txokotara, 107.4 FMan.

Irratsaio berriak erakartzeko kanpaina bat abiatu dute, eta irratsaio berri ugari hasiko dira ikasturte berriarekin, 9 irratsaio hain zuzen ere:
Sirenak gara
"Politikara musikatik heldu zirenentzat. Musika politikatik heldu nahi dutenentzat. Aktualitatea, elkarrizketak, solasaldiak, eta etsaiaren sirenak baino altuago entzutea nahiko genituzkeen abestiak". AURKA-ko bi kideren eskutik (Kattalin eta Gari) musika entzun eta eszenaz eztabaidatzeko espazioa, hilabetean behin.
Zaharrak Berri
Historiaz tertulia bat bailitzan diharduen programa, iraganeko anekdota eta bitxikeria kuriosoenak erreskatatzera datorrena.
Ezinezko errezeten bila
"Gai baten inguruan hausnartzen dugunean, errezetarik ez daukagu, eta ezin dugu errezetekin funtzionatu. Horrek batzuetan frustazioa sortzen digu, nahiz eta gauzen berezko potentziala erakusten duen, tokian tokiko forma hartzen duelako. Sukaldean, aldiz, baditugu errezetak. Beraz, elkarrekin hausnartu dezagun gai interesgarrien inguruan, eta arantzatxoa kentzeko elkarrizketatuaren sukaldeko errezetarekin amaitu dezagun saioa. Hau dena, sukalde imaginario goxo batean girotuta".
Geyago ta hobeto
Gai ezberdinak jorratuko dituzte irratsaio informal batean.
Galgas
Musika eta ikasketa uztartuko dituen saioa. Bakarka zein beste pertsonez lagunduta, "gure bizitzetako musikaz" hitz egingo du, inguruan dabiltzan pentsamenduak partekatzeaz gain. "Zarataz inguratuta gaude, beraz, zergatik ez dugu bitartean pentsatzen gure bizitzako soinu bandan?"
Manexak
Programa soziala, migrazioeta arreta berezia jarriko duena, munduko musikaz lagunduta.
Electrónica social
Bihotza DJaren sesioak, zuzenean irratian grabatuak. Nobedadeak, promoak, kezka pertsonalak, musikalak eta askoz gehiago. Tarteka beste sesio batzuk ere ekarriko ditu irratira. "Zoriontsu izan nahi duten witchentzako saioa"
Dando la latam
Latinoamerikan 60ko hamarkadatik hona garatu diren musika mugimendu alternatiboak emango ditu ezagutzera saioak, testuinguru historikoa azalduta, "hobeto ulertu ahal izateko bertako espazio kultural eta kontrakultural ezberdinak".
Pleitos de doñas
Bi emakume mexikar, Mexikotik kanpo bizi direnak, hizketan arituko dira, txutxumutxuez, politikaz, musikaz eta pop kulturaz. Umorea eta kuriositatea nahastuko diren espazioa, ikuspegi kritiko, feminista eta antirrazista batekin begiratuz munduan gertatzen denari.
Barro
Gai ezberdinak ikertzera sartuko den saioa, saiakera radiofonikoa, eta elkarrizketa batzuekin osatua. Lokatzetan sartzeko asmoa du, sakontzekoa, zikintzekoa. Lehen saioa graffitiari buruzkoa izango da.
Aipatutako irratsaio hauek guztiak Hala Bediren kate elebidunean izango dira entzungai, Hala Bedi Bat-en (107.4 FM ). Baina Hala Bedi Bik ere bere parrilla izango du. FM-ko 95.6an entzun daiteke Hala Bedi Bi, Araba osorako euskara hutsean emango den irrati bakarra. Irratian euskaraz produzitzen diren irratsaioak bilduko ditu, Arrosa Irrati Saretik hartutako batzuekin batera.
Irratsaio berriak beti dira ongi etorriak
Aurten irratian “Hala Bedi, zure espazioa” kanpaina abiatu dute jende berria erakartzeko. Hainbat irratsaio berri egingo dira, baina gonbidapena zabalik mantendu dute irratira hurbildu nahi dutenentzat. Komunikabide barruko bestelako adarretan ere parte hartzeko aukera dagoela jakinarazi dute. Oraindik nahi duen edonor garaiz dago Hala Bedira hurbildu eta nahi duen esparruan parte hartzeko. Programazioa@halabedi.eus helbidea jarri dute eskura, proposamenak jasotzeko.
Hemen ikasturte honetarako aurkeztu duten parrilla:
