Bertsio originalera buelta, Florida zinemetan

Erredakzioa 2025eko urriaren 24a

Jafar Panahiren 'Un simple accident' pelikula izango da lehendabizikoa bertsio originalean. Irudia: 'Un simple accident'

Sama elkartearekin lortutako akordioari esker, astelehenero izango da hitzordua; 'Un simple accident' pelikularekin hasiko dira.

Filmak bertsio originalean ikusteko aukera eskainiko dute Gasteizko Florida zinemetan, hurrengo astelehenetik aurrera. Sama ikus-entzunezko elkarteak bultzatuta, astero hitzordu bat izango da horretarako; astelehenero, 19:00etako edo 19:30eko sesioan.

Orain arte, hainbat saiakera egin dituzte Florida zinema aretoetan pelikulak bertsio originalean eskaintzeko, baina ez dute publiko nahikorik bildu, sustatzaileek azaldu dutenez, eta Gasteiz Zineforumak antolatzen dituen emanaldiak edo ziklo zehatzak salbu, ez da horretarako aukerarik izan azkenaldian. Sama elkartearekin lortutako akordioari esker, beste aukera bat izango dute zinezaleek astero.

Hurrengo astelehenerako, urriaren 27rako, Un simple accident pelikula programatu dute, Jafar Panahi zinemagile irandarraren azkeneko lana, Cannesko jaialdian Urrezko Palmorria eskuratu zuen filma. Azpitituluak gaztelaniaz izango dira. 

Sama elkartetik jakinarazi dutenez, abendura arteko eskaintza izango da astelehenero Florida zinemetan, bertsio originalean eta azpititulatuta, eta publikoaren erantzunaren arabera jarraituko dute programatzen. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago