Gaur hasi eta azaroaren 2ra arte Nafarroako produktuak dastatu ahalko dira Reyno Gourmet Pintxoaren III. Ibilbidean. Ekimenean hiriburuko 27 taberna eta 5 jatetxek parte hartuko dute aurten, nafar produktuekin egindako pintxo eta platerak eskainiz. Hemen dago Nafarroa, hemen Gasteizen leloa ardatz egingo dute edizio hau.
Antolatzaileek atzo El Portalón jatetxean egindako aurkezpenean ezagutzera eman zutenez, Nafarroako Gornuak INTIA sozietate publikoaren bitartez sustatutako ekimenak kalitate zigilupeko nafar produktuek tokiko ostalaritzan duten "ikusgarritasuna" indartzea eta gastronomiaren bidez "inguruko lurraldeen arteko lotura" sustatzea du helburu. Besteak beste, Tuterako Orburua, Lodosako Pikilloa, Erronkari Gazta, Nafarroako Olioa, Nafarroako Patxarana, edota Nafarroako Ardoak eskainiko dituzte ekimenean parte hartzen duten lokalek.
Abastos Merkatuaren goiko solairuan gaikako hiru dastatze egingo dituzte, jendeari irekiak: urriaren 28an Erronkari eta Idiazabal gaztak ezagutaraziko dituzte; 29an, olioa eta 30ean, berriz, patxarana.
Jendearentzako irekiak diren dastaketa horietan parte hartzeko izena eman behar da www.reynogourmet.com/eventos helbidearen bidez, lekuak bete arte.
Barrenkale kalean dagoen Nafarroako Etxean ere bi dastaketa antolatu dituzte, urtero egiten duten kultura astearen barruan. Bestetik, "kalitatezko produktuen inguruko ikusgarritasuna eta kontzientziazioa areagotzeko asmoz", hiriko urdaitegi, harategi eta gourmet dendetan promozioak, opariak eta zozketak egingo dituzte.