Judimendiko parkea berritzeko lanen zati bat gelditu dute aztarna arkeologiko batzuk ikertzeko

Erredakzioa 2025eko urriaren 22a

Parkea berritzeko lanek aurrera segiko dute, aurkikuntzaren eremuan salbu. Argazkia: ALEA

Haurrentzako jolas berriak instalatzen ari zirela hezur batzuk topatu dituzte lurpean, eta aldundiaren Arkeologia zerbitzuarengana bideratu dute aurkikuntza. 

Gasteizko Udalak partzialki geldiarazi ditu Judimendiko parkea berritzeko lanak, aztarna arkeologikoak agertu direlako haur jolas berriak instalatzen ari ziren zonaldean. Jolastoki berriarekin batera tirolina bat eta txakurrentzako gunea jarriko ditu udalak parkean. Abuztuan hasi ziren lanean, eta egunotan parkeko tabernaren ondoan ari ziren, tirolina eta agility jolasak instalatzen.

Orduan agertu dira, astelehen honetan, hezur batzuk indusketa lanetan. Udalaren protokoloa jarraituz, Arabako Foru Aldundiaren Arkeologia Zerbitzuarekin harri ziren harremanetan, eta momentuz geldiarazi egin dituzte lanak, ikerlariek aztertu bitartean. Beatriz Artolazabal Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak adierazi duenez, teknikariak informazioa biltzen ari dira gorpuzkien jatorria zehazteko.

Prebentzio neurri gisa eremua hesitu egin dute, eta olana batez estali, hondakinak babestu eta segurtasuna bermatzeko. Aurkikuntzaren "irismena eta izaera" ezagutu arte zonalde horretan lanak geldirik egongo direla jakinarazi du Artolazabalek, baina gainerako eremuetan lanek normaltasunez aurrera jarraitzen dutela.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago