Gaur hasiko da aurtengo Auzoa Kantari ekimena Txagorritxun

Erredakzioa 2025eko urriaren 22a

Arrimu taldeak itxiko du ikasturte honetako egitaraua. Argazkia: Zizta

Txagorritxuko Zizta Euskara Taldeak antolatuta, hilabetean behin elkartuko dira asteazken batean Ole Tu tabernan. Gaur Nahia eta Nerearen bisitarekin hasiko dute ekimenaren hamargarren urteurrena.

Bueltan da Auzoa Kantari, Zizta Euskara Taldeak Txagorritxun antolatutako kantaldia, eta ospakizun batekin datoz, hamar urte beteko baitira ikasturte honetan ekimena hasi zutenetik. Auzoan euskararen erabilera eta euskal kulturaren presentzia bultzatzeko helburuz sortutako ekimenak inguruko musikariak eta auzokideak biltzen ditu euskarazko abestien bueltan.

2016. urtean jaio zen ekimena, eta ordutik euskarazko kanta zahar, berri, ezagun zein ezezagunak jotzen aritu dira hilabetean behin, asteazken iluntzeetan. Bertaratzen direnek emanaldian parte hartzeko aukera dute, kantutegiak banatzen baitituzte musikariek joko dituzten abestiekin.

"Hamargarren urtez Txago eta Gasteiz osoa euskaraz eta musikaz ziztatzeko" itzuli direla iragarri dute Auzoa Kantariren antolatzaileek. Euskal komunitatea saretzeko aukera ederra dela azpimarratu dute, euskarari espazioak irabazten lagundu bitartean.

Hilabetean asteazken bat

Asteazkenetan izaten dira hitzordu guztiak, 20:00etan Gazalbideko Ole Tu tabernan. Gaur bertan, urriak 22, abiatuko da ikasturte honetako egitaraua, Nahia eta Nerearen kontzertuarekin. Eta jada iragarri dituzte maiatzera arteko deialdiak. Hauek dira Zizta Euskara Taldeak gonbidatutako artistak:

Azaroaren 19an, Ihana.
Abenduaren 17an, Maddi.
Urtarrilaren 14an, Huan Ho Se.
Otsailaren 11n, Bila bi.
Martxoaren 11n, Txan.
Apirilaren 15ean, Makulu Miau.
Maiatzaren 13an, Arrimu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago