Zuzeneko musika unibertsitate komunitatera hurbildu eta tokiko artistak hirian sustatzeko helburuarekin, Kontzertuak Campusean ziklo berria aurkeztu dute. Gasteizko EHUren Pabilioian hiru kontzertu izango dira, urte amaiera bitarte, doako sarrerarekin.
Aimarz izango da zikloa irekiko duen artista urriaren 29an, hurrengo asteazkenean. Pop alternatiboaren eta giro elektronikoen artean dabilen proposamen pertsonala eskaintzen du, letra intimoak eta ekoizpen garaikidea uztartuz. Bere belaunaldiaren bizipenen isla diren hamabi kantuk osatzen dute Z diskoa.
Azaroaren 26an, Ben Salter australiarrak hartuko du lekukoa. Ibilbide luzea duen musikaria da, The Gin Club edo Giants of Science bezalako taldeen kide ohia. Folk, rock eta esperimentazioa uztartzen ditu bere bakarkako ibilbidean, eta formatu hurbilean eskainiko du bere errepertorio indartsua.
Zikloa Petti & Etxeko Uzta XX ta Bortz taldeak itxiko du abenduaren 10ean. Euskal rockaren erreferente handienetako bat da Petti, blues eta folk kutsuak energiaz eta emozioz beteriko letrekin uztartzen dituena. Bere ohiko taldearekin arituko da oraingoan, zuzenean indarra eta gertutasuna batuz.