Gaur arratsaldean abiatuko da Gasteizen 2025-2026 ikasturteko Elkarrekin bizitzen ikasi programa, Simone de Beauvoir Elkarteen Etxean egingo den lehen hitzaldiarekin. Mikel Henda filosofian doktore eta arrazakeriaren aurkako aktibista izango da hizlaria, Arrazakeria eta kultura: nola funtzionatzen duen egunerokotasunean izeneko saioan. 18:00etatik 20:00etara, gaztelaniaz.
Hitzaldi honek emango dio hasiera aurkeztutako programazioari. Hamasei jarduera bildu ditu udalak zikloan: antzezlanak, zine-forumak, bakarrizketak, heziketa zikloak, podcast zuzenak, bisita gidatuak eta irakurketa klubak.
Pascual Borja Elkarbizitza eta Aniztasun zinegotziak adierazi duenez, "Gasteiz askotariko hiria da, eta bizikidetza eraikitzeko, beharrezkoa da begirada ezberdinetatik ikastea eta diskurtso arrazistak identifikatzeko gaitasuna garatzea". Programaren helburua da hausnarketa, eraldaketa eta elkarrizketa sustatzea, bizikidetza inklusibo eta errespetuzkoa bultzatzeko.
Hurrengo asteetan, Jeanne-Rolande Dacougna, Hajar Samadi, Emi Larrondo eta beste hainbat hizlari arituko dira feminismo dekolonialaz, islamofobiaz eta diskriminazioaren aurkako diskurtsoez hausnarrarazten. Azaroan eta abenduan, bisita gidatuak, podcast grabazioak eta zine-forumak izango dira, eta 2026an, irakurketa saio eta antzezlanae osatuko dute egitaraua. Hemen ikus daiteke egitarau osoa.
Programaren baitan, 'Aktiba (tu) portal' proiektua ere martxan jarriko da berriro, auzokideen arteko bizikidetza positiboa sustatzeko helburuarekin. Gainera, programako ekitaldi ugaritan haurtzaindegi zerbitzua eta zeinu hizkuntzako interprete zerbitzua eskainiko dituzte, parte-hartzea inklusiboagoa eta irisgarriagoa izan dadin. Zerbitzu horiek behar izanez gero, hala adierazi beharko da jardueran izena ematerakoan.
Gasteizko Udalak herritarrak gonbidatu ditu urritik maiatzera antolatutako jardueretan parte hartzera, "bizikidetzan partaide aktibo, kritiko eta eraldatzaile" izateko. Gorroto diskurtsoen eta desinformazioaren aurrean, hausnarketa espazioak eta zaintza narratibak eraikitzea funtsezkotzat jo du zinegotziak.
Egitaraua
Urriak 20 - Arrazakeria eta kultura: nola funtzionatzen duen egunerokotasunean
Hizlaria: Mikel Henda
Lekua: Simone de Beauvoir Elkarteen Etxea
Urriak 23 - Deskolonizatu agenda feminista: erronkak eta kritikak
Hizlaria: Jeanne-Rolande Dacougna
Lekua: Iparralde Gizarte Etxea
Urriak 28 - Islamofobiaren garaietan bizikidetza
Hizlaria: Hajar Samadi
Lekua: Simone de Beauvoir Elkarteen Etxea
Urriak 29 - Diskurtso diskriminatzaileei buruzko jarrerak berrikustea
Hizlaria: Emi Larrondo
Lekua: Simone de Beauvoir Elkarteen Etxea
Azaroak 8 - Bisita gidatua Santa Isabel hilerritik Gasteizko memoria lekuetara
Azaroak 15 - Podcast grabaketa Kamanga 360 estudioan: Ahots gazteak arrazakeriaren aurka
Abenduak 11 - Zine-foruma Florida zinema aretoetan: Têtes Brulées filma
Abenduak 15 - Podcastaren zuzeneko grabaketa Montehermoson: Vienen los marrones
2026
Urtarrilak 31 - Bisita gidatua Koroatze auzora eta Iparraldeko Parkera
Otsailak 16, martxoak 16, apirilak 20 - Irakurketa klubak Labe Gazte Laborategian
Otsailak 26 - Bakarrizketa: Un día con Marc, Zabalgana Gizarte Etxean
Martxoak 26 - Antzezlana: Soy Frontera, Aldabe Gizarte Etxean