Eloy de la Iglesia zuzendari zarauztarra lehendabiziko protagonista izango da gaur abiatuko den Euskal Dokumentalaren Astean. Vital Fundazioaren eskutik, ostiralera bitarte, euskal profesionalek zuzendutako iazko dokumental onenen emanaldiak ikusteko aukera izango da Dendarabako aretoan, egunero 19:30ean.
Gaizka Urresti zuzendariaren Eloy de la Iglesia, adicto al cine dokumentalaren aurkezpenerakin abiatuko da jaialdia. "Zinema zuzendari ausart baten historia da lana, trantsizioaren alderik ilunenaren kronista izan eta drogazaletasunaren infernuetan erori zena", azaldu dute antolatzaileek.
Alvaro Larrory zuzendaria eta Galder Izagirre Berri Txarrak taldeko bateria izan zena izango dira asteartean Bailando a golpes zinta aurkeztuko dutenak. Lan horretan, banda baten "taupadatzat" jotzen den instrumentuan aritzen direnen bizitza erakusten da: baterian.
Euskal Dokumentalaren Astearen erdialdean, Anuska Ariztimuño zuzendariak eta Mikel Erentxunek Hombre bala dokumentalaz hitz egingo dute. Erentxun abeslariaren 60 urteko bizitzari, lau hamarkadako ibilbide musikalari eta bikotekidearekin izandako 25 urteko harremanari buruzko lana da.
Lurdes Iriondo eta Itoiz
Ostegunean, Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako lanari buruzko solasaldian, lan horren talde teknikoko batzuek hartuko dute parte. Inge Mendioroz zuzendariak, Idoia Garzes gidoilariak eta Ritxi Lizartza ekoizleak zuri-beltzeko argazki zaharretan izoztuta geratu den baina euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea den abeslariaren historiaren nondik norakoak azalduko dituzte.
Larraitz Zuazo, Zuri Goikoetxea eta Ainhoa Andraka zuzendariak izango dira jaialdiko azken hitzorduko protagonistak. Bertan, Itoiz, udako sesioak lana ikusiko da, talde ikoniko horren buru Juan Carlos Perezek taldea bere unerik gorenean desegiteari buruz egindako hausnarketa.