Gasteizko Basalburu Baso Jangarria elkarteak deituta, hogei bat lagun bildu dira Errekaleor errekaren bostehun bat metroko zatia garbitzeko, Elorriaga eta Betoñu artean. Bosgarren urtea da auzolana antolatzen duela elkarteak ingurune hori garbitzeko. Denetariko zaborra aurkitu dute azken urteetan: koltxoiak, xurgagailuak, gurpilak, altzariak, eta batik bat plastikozko ontziak eta poltsak. Gasteizko Udalak zabor guztia biltzeko edukiontzi bat edo bi uzten die urtero elkarteko kideei, baina ALEAri azaldu diotenez gehienetan ez da nahikoa izaten bildutako zabor guztia eramateko. Aurten, ohi bezala, bildutako hondakin kopurua jasotzeko udaleko garbiketa zerbitzua jakinaren gaineran jarri ondoren, edukiontzia beteta eraman zuten, baina zabor asko utzi zuten bertan, eta bi astez hiru gurpil eta hainbat oihal Viena kaleko espaloian utzi zituzten.