Palestinaren aldeko burrunba entzun da Gasteizen

Erredakzioa 2025eko urriaren 16a

Gernika-Palestina ekimenak deituta, elkarretaratze zaratatsua egin zuten bart Gasteizen, Palestinaren aldeko greba eta lanuzteekin batera. Ehunka lagunek burrunba eginez aldarrikatu zuten Palestinaren askatasuna. Palestinarekin Elkartasuna ekimenak ere mobilizazioa egin du arratsaldean, Katedral Berrian.

Greba, lanuzte eta mobilizazio eguna izan zen atzokoa, genozidioaren aurka eta Palestinaren alde milaka pertsonak hartu zituzten Gasteiz, Araba eta Euskal Herriko kaleak. Goizeko mobilizazio jendetsuaren ostean, arratsaldean ere izan zen Palestinaren aldarria plazaratzekoa abagunea. Genozidioa Stop! Palestinarekin konpromisoa lelopean burrunbada deitu zuen 19:30ean Gernika-Palestina ekimenak Andre Maria Zuriaren plazan. Ehunka lagunek aldarrikatu zuten Israelekin harremanak apurtzearen beharra, elkarretaratze zaratatsuan.

Lehentxeago, 17:30ean, Palestinarekin Elkartasuna taldeak deituta mobilizatu ziren ehunka lagun Katedral Berritik abiatuta. Inguruko errepideen zati batzuk blokeatuta geratu ziren tarte batez, eta Palestinaren erresistentziarako eskubidea defendatu zuten. Su-etenaren testuinguruan, gogorarazi zuten kolonizazioa ez dela amaitu, eta kolonizazioaren aurkako borroka ere ez dela amaitu behar. Israel desegitera deitu zuten, Palestina askatzeko bidean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago