Gazako biztanleak su-etenaren lehen egunak probesten ari dira beren etxeetara itzultzeko, edo beren etxeak egondako zonaldera, gutxienez. Israelek ez ditu guztiz gelditu erasoak, ez Gazan, eta are gutxiago Zisjordanian, baina AEBek sustatutako su-etenak geldialdi bat ekarri du bi urteko genozidioan.
Euskal Herrian, hala ere, Palestinaren aldeko aldarriak ozen entzun dira gaur ere, sindikatuek eta beste hainbat eragilek deitutako greba egunean. Lanuzteak egin dituzte goizean milaka langilek Araba osoan, eta Andre Maria Zuriaren plazan elkartu dira asko eta asko, Palestinaren alde manifestazioan ateratzeko. Langileok Palestinarekin lelopean, genozidioarekin negozio egitearen aurka azaldu dira, Israelekin harremanak dituzten enpresa eta erakundeei erreferentzia eginez.
Arratsaldean ere badaude mobilizazioak deituta. 17:30ean, Palestinarekin Elkartasuna taldeak manifestazioa antolatu du Katedral berritik, Gasteizen, Israel desegin, harreman oro eten lelopean. Ondoren, 19:30ean, Gernika-Palestina herri ekimenak mobilizazio zaratatsua deitu du herri askotan. Gasteizen Andre Maria Zuriaren plazan izango da, Palestinarekin Konpromisoa. Genozidioa STOP! Haustura Israelekin, orain! lelopean. Eta antzeko mobilizazioak egingo dituzte ordu berean, Arabako beste hainbat herritan, esaterako, Laudio, Amurrio, Agurain edo Langraiz Okan.