Euskaraz bizitzeko aukera eskaintzera dator Mintzalaguna programa

Erredakzioa 2025eko urriaren 14a

Ibilaldiak eta bestelako ekintzak ere proposatzen dituzte Mintzalaguna programan. Argazkia: ALEA

Urrian zehar egongo da zabalik izen emateko epea, ez soilik ikasleentzat, “euskaraz aritzeko arnasgune bat nahi duen ororentzat” baizik. Geu elkarteak antolatuta, hainbat talde elkartuko dira astean ordubetez, lagunartean euskaraz aritzeko.

Urrian zehar zabalik egongo da Mintzalaguna programan izena emateko epea, Geu elkartearen eskutik. Eta euskaraz egiten badugu? lelopean zabaldu dute deialdia, eta helburu gisa jarri dute, aurten ere, "taldekideak lagun bilakatzea eta euskara izatea lagun talde horren eremu naturala. 2025/26 ikasturteko matrikulazioa urriaren 31ra bitartean egin daiteke, Geu elkartearen webgunean.

Lagunarteko mintzapraktika programa da Mintzalaguna, euskaraz aritzeko gune naturalak sortzen dituena. Parte hartzaileak astean behin elkartzen dira, gutxienez ordu betez, Gasteizko auzo ezberdinetan. Taldeak 8-10 lagunez osatuak egon ohi dira, eta "Mintzalaguntzaile" batek gidatzen ditu: euskaraz egitera ohituta dagoen pertsona bat, hizkuntza erabileraren erreferente gisa arituko dena taldean.

Programaren helburua da euskara praktikatzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna garatzea, eta antolatzaileen esanetan, egokia da euskara ikasten ari direnentzat zein euskaraz aritzeko arnasgune bat bilatzen dutenentzat. Baldintza bakarra jarri dute, B2.1 maila inguruko gaitasun minimoa izatea, eta noski, astean ordubetez elkartzeko prest egotea.

Mintzalagunak, baina, ez dira soilik astean behin elkartzen. Geu elkarteak ekintza osagarriak antolatzen ditu hilero, parte hartzaileek elkar hobeto ezagutzeko eta Gasteizko beste euskaldunekin harremanak sendotzeko. Urrirako proposamenak aurkeztu dituzte jada. Hasteko, urriaren 23an Non dira haurrak antzezlana ikustera gonbidatuko dituzte partaideak, Hegoalde gizarte etxeko aretoan. Bestalde, urriaren 26an "mintza-ibilaldia" egingo dute Olarizura.

Amaitzeko, urriaren 30ean Mintza-aurkezpena antolatu dute, antzerkia eta ostean pintxopotea izango dituena, baina oraindik ez dute zehaztu non izango den azken ekintza hau. Horrez gain, garagardo dastaketak, solasaldiak, sukaldaritza tailerrak, zozketak eta deskontuak eskaintzen dituzte antzerkirako sarreretan. Ekintza guztiak doan edo prezio murriztuan eskaintzen dira, betiere aurretik izena emanda.

Mintzalagunean izena emateko 26 euro ordaindu behar dira, eta Geu elkarteko antolatzaileek proposatuko diete parte hartzaileei egokitutako taldea, aukeratutako eguna eta zonaldea oinarri hartuta. Lotsa etxean utzi eta euskaraz bizitzeko esperientziaz gozatzeko gonbitea egin diete herritarrei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago