EH Bilduk aurre-akordioa aurkeztu du gaur PSE-EE eta EAJrekin batera 2026rako udal Ordenantza Fiskalen inguruan. Lortutako akordioaren arabera, udal zerga, tasa eta prezio publikoetan %2,5eko igoera izango da datorren urtean.
EH Bilduko bozeramaile Rocio Viterok adierazi duenez, "akordio on bat lortu dugu, herritar guztientzako politika publikoak garatzen jarraituko duena". Udal gobernuak ere positibotzat jo du datorren urteko ordenantza fiskalak onartzeko EH Bildurekin adostutako akordioa.
Onartzeko prozesua
Datorren ostiralean, ordenantza fiskalak osoko bilkuran onartzeko aurkeztuko dituzte eta, hala, 2026ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko lirateke. Hala ere, aurretik, bihar —asteazkenean— Ogasun Batzordeak oposizioko talde politikoek aurkeztutako 140 zuzenketen eta udal gobernuak erregistratutako hiru zuzenketa teknikoen eztabaida hartuko du.
Koalizio abertzaleak nabarmendu du akordioak hobekuntzak jasotzen dituela pertsona eta familientzako hobarietan, bai Ondasun Higiezinen Zergan (OHZ), bai zaborren tasan. Era berean, etxebizitza hutsen gaineko errekargua arautzen duen ordenantza egokitu egingo da, salbuespen berriak gehituz, eta Enplegua Sustatzeko Zergaren (EIOZ) hobaria %65era arte jaitsiko da enplegua sortzearen truke. Halaber, %25eko kenketa berri bat ezarriko da %33 eta %65 arteko desgaitasuna duten pertsonentzako kirol jardueretan.
Zaborren tasa
EH Bilduk lortu du udal gobernuak atzera egitea zaborrak %5,8 igotzeko asmoan, gainerako tasen bikoitza; eta aplikatu beharreko igoera % 2,5eko lineala izango da. Viterok azpimarratu duenez, "aurreko urtean herritarrek egindako ahalegin fiskalari balioa eman nahi izan diogu, eta EH Bildutik tematu gara ezohiko eta justifikaezinak diren igoerak geldiarazten".
Bestalde, akordioaren arabera, ez da Udaltzaingoaren hedapenari lotutako tasa berririk ezarriko oraingoz, eta gaia etorkizunean aztertzeko aukera zabalik utzi da. Halaber, Folklore Eskolako ikasleek ez dute 70 euroko igoera izango Musika Etxearen matrikulan. Gainera, TAO sistemaren eta autokarabanen aparkalekuen ordenantzetan ere ez da preziorik igoko. TAOaren kasuan, zortzi orduko tiketa gehituko da eta urteko txartelak %2,5 eguneratuko dira, EH Bilduren proposamenari jarraikiz.
Udal gobernuak akordioa positibotzat jo du
Maider Etxebarria alkateak eta Beatriz Artolazabal lehen alkateordeak nabarmendu dute legegintzaldiko bigarren akordio fiskal honek egonkortasuna ekarriko diola udalari, eta zerbitzu publikoen prestazioa eta kalitatea bermatuko dituela.
Alkateak itunaren "balio politiko eta soziala” azpimarratu du. "Agerian geratu da elkarrizketa eta adostasuna direla hiria eraikitzeko tresnarik onenak". Ildo beretik, Etxebarriak adierazi du akordio honek erakusten duela "politika erabilgarria, hiriaren interesak aurretik jartzen dituena, posible dela; izan ere, desberdinak direnen arteko elkarrizketa desiragarria izateaz gain, beharrezkoa ere bada aurrera egiten jarraitzeko; eta erantzukizun partekatua da Gasteiz hobetzeko oinarria"
Bestalde, Beatriz Artolazabal lehen alkateorde eta EAJko bozeramaileak adierazi duenez, akordioa "albiste ona da, egonkortasun instituzionala indartzen duelako eta udal zerbitzuak herritarrek espero duten kalitate mailarekin mantendu ahal izatea bermatzen duelako".