Kultura 'frikiaren' topagune izango da Europa jauregia asteburuan

Erredakzioa 2025eko urriaren 13a

Freak Festivalaren aurreko edizioko irudia. Argazkia: Vital Fundazioa

Ostiraletik igandera bitartean doan hurbiltzeko aukera izango da Freak Festivalen zortzigarren ediziora. Mahai jokoen partidak, eskulan tailerrak, 'cosplay' mozorroak, liburu aurkezpenak eta beste hainbat ekintza antolatu dituzte.

Freak Festival jaialdiak zortzigarren edizioa ospatuko du urriaren 17tik 19ra Europa jauregian, Gasteizen. Valinor elkarteak eta Vital fundazioak antolatuta, ekimenak 80 jarduera inguru eskainiko ditu, doan. Mahai jokoen, modelismoaren eta kultura frikiaren inguruan biltzeko deialdia egin dute antolatzaileek, aisialdi alternatibo, osasuntsu eta sortzailearen aldeko apustua sendotu nahian.

2014an hasi zenetik, jaialdiak gero eta bisitari gehiago erakarri ditu, azken edizioan 1.700 lagun inguru bildu ziren. Aurten, tokiko zein estatuko elkarte, artista, egile, argitaletxe eta saltokiak bilduko dira asteburuan zehar, adin guztietarako jarduera ugari eskainiz: mahai jokoen partidak eta txapelketak, rol jokoak, eskulan tailerrak, liburu aurkezpenak, hitzaldiak eta lehiaketak. Cosplay edo mozorroek ere leku berezia izango dute bertan, aurreko edizioetan bezala.

Jaialdiaren ardatz nagusiak inklusibitatea, doakotasuna eta tokiko ekimenaren sustapena dira. Antolatzaileek adierazi dute ekimen hau pertsona guztientzako antolatu dutela, adina edo jatorria edozein izanda ere, eta ez dela onartzen inolako jarrera erasokor edo iraingarririk. Horrez gain, euskararen erabilera sustatu asmo dute, bai jardueretan, bai eduki digitalen bidez.

Freak Festivalek tokiko talentuari ere lekua eskainiko dio, artistentzat, sortzaileentzat eta elkarteentzat doako espazioak eskainiz. Horrela, Arabako kultura alternatiboaren erakusleiho bihurtu da azken urteetan. Parte hartzaileek jarduerak, materialak edo sariak eskaintzen dituzte, "irabazi ekonomikoen gainetik bisitarien esperientzia" lehenetsiz.

Jaialdiak eskaintza zabala du: mahai jokoen erakustaldiak eta txapelketak, rol jokoak, eskulan eta sormen tailerrak, liburu aurkezpenak, antzezpenak eta lehiaketak ("Fast Painting", "Fast Comic", "Fast Fic"...). Gainera, joko libreko guneak egongo dira eta beste erakunde batzuek eskainitako jarduerak ere izango dira. Egitarau osoa ikusgai dago Freak Festivalaren webgunean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago