XXIII. urteurrena ospatuko du Zapateneok larunbatean

Erredakzioa 2025eko urriaren 9a

Zapateneok liburutegi berria estreinatu du aurten. Argazkia: ALEA

Gasteizko Gaztetxean egun osoko egitaraua antolatu dute urriaren 11rako. Zapateneoren sotoan dagoen liburutegia egokitu egin dute aurten.

23 urte bete ditu aurten Zapateneok, Gasteizko Zapatari kalean dagoen ateneoak, eta jaialdi bat antolatu dute hurbiltzen diren guztiekin ospatzeko. Pladur(as) penas deitu diote jaialdiari. Urriaren 11n egun osoan zehar egongo dira Gasteizko Gaztetxean urteurrena ospatzen, 10:00etan hasita gaueko kontzertuak arte.

Azoka batekin hasiko dute eguna, liburuak, fanzineak eta beste hainbat gauzarekin. Argitaletxe eta banaketa talde ugarik izango dute presentzia bertan, tartean DDT Banaketak edo Ekintza Zuzena. Auzolana pilotalekuan egingo dute herri bazkaria, egun horretarako espreski prestatu dituzten Zaphanburgesak jateko, tiketak salgai Zapateneon bertan eta Hala Bedi tabernan.

Arratsaldean zehar ere antolatu dituzte ekintzak. Dr. Sax-en kontzertua izango da 18:00etan, eta jakinarazi dute sorpresa bat dutela prestatuta. 20:00etatik aurrera Aihotz eta Kogio con pinsa taldeek joko dute, eta Dj Solo eta Dj Maquik amaituko dute egitaraua.

Liburutegi berritua

Badira urte batzuk Luis Andres Bredlow filosofoak bere liburutegi pertsonala eman ziela dohaintzan Zapateneoko kideei. Azken urteetan bertan egon bada ere, aurten lokalaren sotoa berritu eta egokitu dute, atseginagoa izateko eta erabilera gehiago izan dezan. Bertaratzen direnek ikus ditzakete filosofoaren liburu guztiak. Espazioa egokitzeko lanek, baina, Zapateneoren kontu korrontea ahuldu dutela jakinarazi dute, eta larunbateko jaialdia dirua berreskuratzeko ere erabiliko da.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago