Gasteizko Mercedes-Benzeko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean, enpresa batzordeak deituta, multinazionalak jasotako laguntza publikoak "lan baldintzak prekarizatzeko" erabiltzen ari dela salatzeko. Langileek euskal erakundeei exijitu diete neurriak har ditzatela "diru publikoaren erabilerak ez dezan lan baldintzen prekarizazioa areagotu".
Langileen esanetan, multinazionalaren politikak "kolapsora" darama lantegia, lanaldiaren "malgutasun neurrigabe eta kaltegarria" bultzatzen ari delako eta "inoiz izan ez den malgutasunarekin" egiten ari direlako kontratazioak.
Enpresa batzordeak kritikatu du Mercedesek ABLE bidezko kontratazioak erabiltzen hasi dela, "egun baterako, bi egunetarako edo urtebeterako, behar duenaren arabera". Hala, langileen iritziz, "langileak erabili eta botatzeko eredua” ezartzen ari da Mercedes-Benz, eta "lantoki berean lehen mailako eta bigarren edo hirugarren mailako langileak" sortzen ari dira, "elkarren ondoan lan egiten dutenak".
"Kontratazioaren malgutasun handiagoa prekarietate handiagoaren sinonimo da", azpimarratu dute, eta gehitu dute ABLE bidezko kontratazioek "langileen eskubideak murrizten" dituztela. "Langile horiek ezin dute sindikatuetan antolatu, ezta ordezkaririk hautatu ere, eta ‘bestela ez dizugu berriro deituko’ mehatxupean lan egiten dute", salatu dute.