Hiru gazte atxilotu dituzte, arma zuriz egindako erasoak egotzita

Juanma Gallego 2025eko urriaren 9a

Gaur eman dute atzo Gasteizen egindako atxiloketen berri. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Irailaren 30ean Gasteizen bi gizoni labanaz egindako erasoarekin zerikusia dute atxiloketek.

Ertzaintzak 23, 22 eta 21 urteko hiru gazte atxilotu ditu Gasteizen, joan den irailaren 30ean Arabako hiriburuan arma zuriz egindako eraso bat egotzita. Behin komisarian egin beharreko eginbideak bukatzean, epailearen esku jarriko dituztela aurreratu du polizia erakundeak.

Eraso horren osteko ikerketen ondorioz egin dituzte atzo atxiloketak, Segurtasun sailak gaur ezagutzera eman duenez. Irailaren 30ean, arratsaldeko zazpiak aldera, hiru gaztek bi gizonezkori arma zuriz eraso egin zieten Gasteiz Hiribideak eta Gorbea kaleak bat egiten duten puntuan.

Gizonetako batek sorbaldan zauria jaso zuen. Bigarren gizonezkoak ihes egin eta taberna batean hartu zuen aterpe, baina erasotzaileek bertan atzeman eta bizkarrean bi labankada eta buruan beste bat eman zizkioten. Erasoaren ostean, hiru gazteek Ertzaintza azaldu baino lehen alde egin zuten tabernatik. Bi zaurituak Txagorritxuko ospitalera eraman zituzten. 

Ertzaintzak ezagutarazi du 23 urteko gazteak aurrekari ugari dituela, "bai arma zuriz egindako erasoengatik bai ondarearen aurkako delituengatik". Biktimetako batek esandakoaren arabera, gazte horrekin bi hilabete lehenago izandako liskar bat legoke erasoaren abiapuntuan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago