Mara Mara, Pinedo eta Txik Txak, euskararen alde lanean

Erredakzioa 2025eko urriaren 8a

Mara Mara liburu denda izan da saria jaso duenetako bat. Argazkia: ARTEMAN

Gaurko aitortzekin, amaiera eman dio Gasteizko Udalak 'Euskararekin aberats' kanpainari.

Gasteizko Udalak Euskararekin aberats kanpaina amaitu du hiriko hiru negoziori sorpresa aitortza eginez euskararen alde egindako lanagatik. Aitortza hori Mara Mara liburu dendari, Confecciones Pinedo ehungintza denda historikoari, eta Txik Txak arropa dendari egin die. Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikari Itziar Lakarrak eman dizkie diplomak arduradunei.

Aitortutako hiru negozioek euskararekiko konpromisoa erakutsi dute. Mara Mara liburu dendako Marta Martinez arduradunak adierazi du bezeroekin euskaraz egiteko ahalegina egiten duela. Bestalde, 1911tik gutxienez zabalik dagoen Confecciones Pinedoko Eki Ruiz de Pinedok ere oso pozik hartu du aitorpena, eta Gasteizen gero eta euskara gehiago egiten dela nabarmendu du. Azkenik, 2013tik pilotarekin lotutako moda eta euskara sustatzen duen Txik Txak arropa dendako Iñigo De Marcosek aitortu du horrelako bultzadek euskara hobetzen jarraitzeko indarra ematen diotela.

Negozioei egindako aitortzaz gain, kanpainaren ikusgarritasuna sustatzeko beste ekintza batzuk ere egin dituzte, hala nola performanceak Antso Jakituna kaleko pintxo-poteoan eta ipuin kontaketa ikuskizuna Boulevard merkataritza zentroan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago