Batzuk beste herri batzuetara eraman badituzte ere, oraindik 40 bat lagun zenbatu ditu Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Gasteizen kalean bizitzen, zain ea noiz egin ahalko duten asilo eskaera. Europar Batasunera lehen aldiz sartzen diren herrialdean egin behar dute asilo eskaera, legearen arabera, eta horregatik etorri dira hona, Frantziatik eta Alemaniatik gehienbat.
Maliarrak dira gehienak, eta sindikatutik salatu dute harrera zerbitzuak erabat gainezka daudela. "Hitzorduak 2026ko udarako ematen ari dira. Haien egoera etsigarria da". Adierazi dute haiek izan direla pertsona hauei itxaronaldian laguntzen saiatu direnak, boluntario taldeekin eta beste kolektibo batzuekin batera. "Ahal den neurrian laguntza, baliabideak eta oinarrizko produktuak" eman dizkiete.
Hotza dator Gasteiza, eta ez dute atsedenerako lekurik kalean dauden dozenaka lagunek. Sindikatu sozialistatik bilketa egun batzuk antolatu dituzte, jendeak dohaintzak egin ditzan. Salburuako gizarte etxean elkartuko dira urriaren 17an, Alde Zaharrean Faroloian urriaren 24an, eta Aranan urriaren 31n, Itxasberri plazan. 18:00etatik 20:00etara elkartuko dira leku bakoitzean, eta besteak beste neguko arropa, mantak eta janaria eramateko eskatu dute.
"Mali gerran egon den lurraldea izan da urte luzez", gogorarazi dute. "Migrazioa ez da modu isolatuan amaitu daitekeen zerbait, bere horretan jarraituko du, eta areagotu egingo da, bere kausek dirauten bitartean; hau da, dominazio inperialistan oinarritutako sistema kapitalistak dirauen bitartean".