Arabako Komunitate Energetikoen Kongresua antolatu dute azaroaren 10ean eta 11n

Erredakzioa 2025eko urriaren 8a

Pobesko komunitate energetikoak eraikitako parke fotovoltaikoa. Argazkia: ALEA

Bertako eremutik eraldaketa globalera lelopean, adituak, erakundeetako ordezkariak eta gizarte eragileak bilduko ditu kongresuak.

Arabako Komunitate Energetikoen Kongresua antolatu dute Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak azaroaren 10ean eta 11n, Goiuri jauregian. Bertako eremutik eraldaketa globalera lelopean, kongresuak adituak, erakundeetako ordezkariak eta gizarte eragileak bilduko ditu, esperientziak partekatzeko eta komunitate energetikoen orainari eta etorkizunari buruz eztabaidatzeko.

Bi jardunaldietan zehar, hainbat gai jorratuko dira, hala nola energia komunitateek trantsizio energetikoan duten zeregina, irtenbide berritzaileak eta lurraldean arrakasta izan duten kasuak, bai eta eskura dagoen finantzaketa eta horrek gizartean duen eragina ere. Topaketari amaiera emateko, tailer parte hartzailea egingo da, 2030era begirako ibilbide orri partekatua zehazteko.

Gasteizko Udalak eta aldundiak iragarri dute kongresua publiko ugariri zuzenduta dagoela: "herritarrak, komunitate energetikoak, sektoreko enpresa elkarteak eta gremioak, industria, merkataritza, unibertsitateak, ikerketa zentroak, garapen agentziak, erakunde publikoak eta gai horretan esku hartzen duten erakundeak, besteak beste".

Kongresura joateko sarrera doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Parte hartu nahi dutenek formularioaren bidez eman beharko dute izena: https://forms.gle/dD5T1WmTF4co8Rmk9

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago