GASTEIZKO LOREZAINAK

"Eredu izan daiteke gu bezain gaizki dauden azpikontratentzat"

Jon Hidalgo 2025eko urriaren 8a

Iñigo Lopez de Arroiabe eta Mikel Romero, greba amaiera ospatzen. Argazkia: ALEA

197. greba egunean heldu da akordioa. Lorezainek, Enviser enpresak eta Gasteizko Udalak, hirurek onartu dute negoziaketen azken testua, lan baldintzetan hobekuntzak ekarriko dituena aurten hasi eta 2028raino, udalaren hurrengo kontratu eskaintzan ere bai.

Iñigo Lopez de Arroiabe eta Mikel Romerorekin hitz egin dugu, Enviserreko bi lorezainekin. Asanbladan akordioa onartzetik atera eta gutxira elkartu gara, kideekin batera ospatzen edo ari zirenean. Ostegunean dira lanean hastekoak berriz.

Bukatu da greba. Zer moduz?

Iñigo Lopez de Arroiabe: Balorazio pertsonala positiboa da. Hilabete asko daramatzagu greban. Ez dira bete hasieran genituen helburu guztiak, baina baldintza onak dira hasteko, hitzarmen propioa izateko eta hau garatzen joateko datozen urteetan. Ni pozik.

Mikel Romero: Pozik. Gazi-gozoa da gehiago lortu ez izanagatik, baina ikusita nola geunden duela astebete, kaka bat eskaintzen zigutela... Azken bileratik aste honetan lortu dugunera, garaipena da egia esan.

Zein dira lortu dituzuen hobekuntza nagusiak?

LdA: Soldata igoera; oso garrantzitsua zen hori, gure abiapuntua oso prekarioa zelako. Horrez gain, lanaldia murriztea lortu da, eta bestelako gauza batzuk ere bai, medikura laguntzeko orduak, errelebo kontratua; gauza sozial batzuk lortu dira, ia soldata igoera bezain onak.

Sei hilabetetik gora luzatu da, 197 egun.

MR: Gogorra izan da, baina aberasgarria. Maila pertsonalean, niretzat behintzat. Batasun prozesu bat izan da, kide asko ezagutzea, piña ona egin dugu. Ahalduntzea, zuk hartzea erabakiak, aurre egitea enpresaren gehiegikeriei. Borroka bera aberasgarria izan da, pertsonalki, izan dituen ondorio ekonomiko eta sozialez gain, noski.

LdA: Irakurketa politikoa ere egiten dugu, benetan zalantzan jarri dela azpikontratazioaren eredua. Prekarizazio eredu bat da, hala deitu behar zaio. Garaipena aldarrikatu behar dugu, ea laguntzen dien gainerako enpresei konturatzeko saiatu daitezkeela eredua aldatzen. Hau ez da amaiera, asko dago egiteko, jende asko dago prekarizatua honen erruz. Kostatu da, instituzioek borroka politiko bat bezala hartu dutelako, eta horrek frenatu egin gaitu alde askotan.

MR: Bai, argudio bezala erabili dute greba politiko bat egiten ari ginela, udala higatzeko egin izan bagenu bezala. Guk hasi ginenean gauza pertsonal bat bezala ikusten genuen, gure baldintzak oso txarrak zirelako, urte asko generamatzan erosahalmena galtzen, gugatik zen. Ez genuen uste minik egingo genuenik, pentsatzen genuen lau egunetan konponduko zela kontua. Haiek politizatu zuten. Ikusi zuten guk ireki genezakeela zirrikitu bat, eta ezbaian jarri haien sistema osoa, prekarizazioarena eta pribatizazioena. Haiek gatazka politiko bilakatzen zutela ikusita, guk ere esan dugu, ba goazen dena salatzera. Gu gara lehenak, baina eredu izan daiteke gu bezain gaizki dauden azpikontratentzat. Argi dago emaitzak eman dituela mugitzeak, geldirik egoteak ez.

Salatu duzue udalak ez duela konponbidean lagundu.

LdA: Hala izan delako. Enpresak hasieratik esaten zigun udalak mugatzen zuela negoziaketa, eta akordioaren amaieran ere hala egon dira azken bileretan, baldintzatuta. Ematen genuen pauso bakoitzean udalari deitu behar zioten. Azkenean udalak erabaki duena lortu da.

MR: Udaletik beti esan dute enpresa eta langileen arteko kontua zela, iritzi publikoaren aurrean, baina etengabe aritu dira enpresarekin biltzen eta oztopoak jartzen. Enpresatik esaten ziguten: "Ez, udalak esan digu hona arte igo dezakezuela gehienez". Agerian gelditu da sistema.

Babes soziala nabaritu duzue?

LdA: Bai. Gizarte osoaren babesa eskertu nahi dugu, antolakunde, talde, auzo elkarte, sindikatu guztiena. Harrituta gaude babes handia izan dugulako, oso garrantzitsua izan da guretzat. Bestela ez luke amaiera onik izango honek.

Zer moduz daude orain parke eta jardinak? Lan asko duzue ostegunerako?

MR: Lana badago, bai, baina esan duten hori, urtebete beharko dela kaltea berreskuratzeko... horrek ez dauka zentzurik.

LdA: Gu egunean zortzi orduz arituko gara lanean, orain arte egin duguna egiten. Beti egin izan dugu lana erruz. Orain behintzat aurre egin diegu zenbait gauzari; orain arte enpresa honetan jendeak eskatzen zitzaion guztia egiten zuen, ziur aski gauza horiek aldatu dira. Guk egin beharreko lana egingo dugu, badakigu egiten, eta lehenago edo beranduago lorategiak behar bezala egongo dira eta dena itzuliko da normaltasunera.

Zer moduz zuek ostegunean hasteko?

MR: Sei hilabete eta gero ondo dator honetaz ahaztea, burua baretzea eta errutinarekin hastea. Borroka gogorra izan da, asko nekatu gaitu. Mentala izan da oso, eta orain neke fisikoa dator, baina lorezaintza beti egiten duguna da, hor ez dago arazorik. On ere egingo digu.

Zerekin gelditzen zarete?

LdA: Merezi duela borrokatzeak; azken ondorio bat laburtu beharko banu, hori. Antolatu beharra dagoela. Saiatzeko eta sakrifikatzeko gogoa baldin baduzu, merezi du.

MR: Hori bera, eta batasuna, esango nuke. Adartxo bat hartu eta puskatu dezakezu horrela, oso erraz, baina 60 adartxo batera badaude, kostatzen da puskatzea. Horrela lortu dugu egoerari buelta ematea.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago