Gobernu Irekiari buruzko goi bilera Gasteizen dago jada

Erredakzioa 2025eko urriaren 6a

Aurreko goi bilerako irudia, Tallinen, Estonian 2023an. Argazkia: OGP

Gobernantza garden, inklusibo eta parte hartzaileei buruz hitz egiteko elkartuko dira egunotan nazioarteko hainbat aditu. 2.000 ordezkari egongo dira hirian urriaren 10a arte.

Gasteizen inoiz izan den nazioarteko goi bilerarik handiena hasi da gaur Gasteizen, Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. Goi Bilera Globala. Mundu osoko gobernuetako eta gizarte zibileko 2.000 ordezkari bilduko dira urriaren 10a arte Europa Jauregian.

NBEak sortutako ekimen honen helburua da gobernu garden, parte hartzaile, inklusibo eta arduratsuagoak sustatzea, eta adituak eta "goi mailako ordezkariak" elkartuko dira esperientziak, praktika onenak eta aurrerapenak trukatzeko. Zortzi gai nagusi aipatu dituzte gailurrean lantzeko: parte hartzea, espazio zibikoa, osotasuna, informaziorako sarbidea, gobernantza digitala, prentsa askatasuna eta desinformazioaren aurkako borroka, klima eta ingurumena eta justizia.

Lau kategoriatan banatu dute egitaraua, ehun ekitaldi paralelo inguru izango dituzte, "goi mailako hamasei saio", gaikako 40 saio eta izaera kulturaleko bi ekitaldi izango dituzte. Gasteizko intereseko guneak erakutsiko dizkiete parte hartzaileei bisita gidatuen bidez, Eraztun Berdea edo Alde Zaharra, esaterako. Egitaraua, baina, itxia dago herritarrentzat jada, gonbidapenarekin soilik joan daiteke.

Espainiako Gobernuari zegokion aurtengo goi bilera antolatzea, eta Gasteiz aukeratu zuen nazioarteko jardunaldia hartzeko. Orain arte Erresuma Batuan, Mexikon, Frantzian, Georgian, Kanadan, Hego Korean eta Estonian ospatu dituzte antzeko gailurrak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago