Akordioa lortu dute Gasteizko lorezainek enpresarekin

Erredakzioa 2025eko urriaren 6a

Enviserreko langileak udalaren bulegoen aurrean. Argazkia: ALEA

Sindikatuak akordioaren alde agertu dira, langile guztiek bozkatzea falta da orain, bihar egingo dute hori langileen asanbladan. Zehaztasunik ez badago ere, soldata igoerak egongo direla aurreikusi daiteke.

Sei hilabetetik gora iraun dituen grebari amaiera iritsi zaiola dirudi, akordioa lortu baitute Gasteizko lorezainen ordezkariek eta Enviser enpresak. Oraindik ez da behin betikoa akordioa, eta beraz grebaren amaiera, bihar direlako bozkatzekoak langile guztiak, ea onartzen duten adostutakoa. Hala ere, langileen baiezkoa espero da, ELA, LAB eta ESK sindikatuak hirurak agertu direlako akordioaren alde.

Martxoaren 26an abiatu zuten greba Gasteizko Udalak azpikontratatutako lorezainek, soldata duinak eskatuz eta galdutako erosahalmena berreskuratzeko helburuarekin. Hala ere, oraindik ez dituzte publiko egin gaur erdietsitako hitzarmenaren zehaztasunak.

Joan den astean presio neurri gisa iragarri zuten lorezainek gose greban jarriko zirela egunotako negoziaketetan akordiorik ez lortzekotan. Bederatzi aldiz elkartu dira Precoan, Lan Harremanetarako Eusko Jaurlaritzak daukan batzordean, langileen ordezkariak eta enpresa, eta azkenerako lortu dute hitzarmena, sindikatuek eta enpresak biek onartu dute akordioa, langileen azken onespenaren faltan.

Joan den asteartean proposamen berria aurkeztu zioten sindikatuek enpresari, soldata igoeraren kopuruak moldatuta, eta ez zuen ezezko zuzenik jaso enpresaren aldetik. Azken aste honetan elkarrizketetan aritu ostean, gaur goizean itxi dute gatazka, behin-behinean.

Gasteizko Udalak ere hartu du konpromisoa langileekiko, datorren kontratuari begira. Enviser azpikontratatzeko hitzarmena 2027an amaituko da, eta hurrengo kontraturako baldintzak ere adostu dituztela iragarri dute, informazio gehiagorik eman ez badute ere. Langileen eskakizun nagusia soldata igoera izan da hilabeteotan. Azken urteetan erosahalmenaren %13a galdu dute langileek, sindikatuek azaldu dutenez, 3.000 euro langileko urtean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago