Gasteizko udaltzainek hiru gizon atxilotu zituzten larunbat arratsaldean eta igande goizaldean indarkeria matxistagatik. Guztiak epailearen esku utzi zituzten, instrukzioaren zain.
Larunbat eguerdian 47 urteko gizon bat atxilotu zuten San Martin auzoko etxebizitza batean. Salaketaren arabera, ustezko erasotzaileak laban batekin mehatxatu zuen bikotekide ohiaren egungo bikotekidea, eta emakumeari eraso ere egin zion. Emakumearen egungo bikotekideak etxetik irtetea lortu zuen, eta erasotzaileak kaleraino jarraitu zion. Une horretan, labana utzi eta ihes egin zuen. Emandako deskribapenari esker, poliziek ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuten Bustinzuri kalean.
Egun berean, 23:15 aldera, patruila bati deitu zioten Koroatze kaleko ostalaritza lokal batera joateko, gizon batek emakume bati eraso egin ziolako. Biktimak adierazi zuenez tratu txarrak etengabeak ziren gizonaren aldetik. Poliziek 31 urteko ustezko erasotzailea aurkitu eta atxilotu zuten handik gertu.
Igande goizaldean, berriz, 31 urteko beste gizon bat atxilotu zuten udaltzainek, genero indarkeriaren alorrean emakume bati lesioak eragitea egotzita. Emakumeak salatu zuenez, eztabaida bat izan zuen bikotekidearekin, eta hark eraso egin zion. Ageriko markak zituen emakumezkoak.
2023an, Gasteizko Udalak indarkeria matxistaren 800 biktima baino gehiago artatu zituen udal zerbitzuen bitartez. Eremu judizialean, berriz, Gasteizko Emakumeen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegiak 1.705 kasu aztertu ditu azken urtean, eta 338 epai eman ditu.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.