XIII. edizioa izango du aurten Aitzina Folkek, 2013tik antolatu den jaialdi solidarioak. Folka eta "kultura tradizionala" zabaltzeko asmoz dator berriz ere, musika, dantza eta tailerrak ekarriz, eta sorreratiko helburu bera mantenduta, ataxia telangiectasia gaixotasun arraroaren ikerkuntzan laguntzea.
Hogei jardueratik gora antolatu dituzte aurten, urriaren 11tik abenduaren 28ra bitartean. Emakume artistei "bultzada berezia" eman nahi izan diete, eta haurrei bereziki zuzendutako ekintzak ere egongo dira jaialdian. Ziza Folks bikote gasteiztarrak egingo du aurkezpen kontzertua, urriaren 11n 19:00etan, Santa Maria katedralean Gasteizen. Eta amaiera ekitaldirako, berriz, bi kontzertu antolatu dituzte, Xabier Aburruzagarena eta Feten Feten Gaztelako taldearena.
Egitaraua osatzen, besteak beste, aurten Oskarbi taldea, Xabier Diaz & Adufeiras galiziarrak, Gaztela Leongo El Nido eta Doolin frantziarrak izango dira. "Emakumeak folk munduan" atalaren bidez emakumezko artistei bultzada berezia eman nahi izan diete antolatzaileek, eta bestalde, kontzertu guztiak ikusle guztiei zuzenduak izan arren, bi kontzertu antolatu dituzte bereziki haurrentzako, Txikifolk sailean, Titiriteros de Binefar eta Xaramela. Kontzertu eta jardueren inguruko informazioa eta sarrerak Aitzina Folken webgunean daude jadanik eskuragarri.
Hiru haur daude EAEn ataxia telangiectasia dutenak, Aefat elkartearen esanetan. Haur horietako baten guraso eta lagunek antolatu zuten lehen aldiz Aitzina Folk 2013an, folkarekin zuten zaletasuna erabili nahian semearen gaixotasuna ikusarazteko, eta dirua biltzeko. Haurretako baten aita da Patxi Villen, eta hala azaldu du jaialdiaren helburua: “Aitzina Folkeko jatorrizko xedeak duela hamabi urteko berberak dira: musika, folka eta kultura tradizionala zabaltzea, eta ataxia telangiectasia ikertzen laguntzea. Gaixotasun arraroa, genetikoa, multisistemikoa eta neurodegeneratiboa da, tratamendurik eta sendabiderik gabea, eta gutxitutako desgaitasun fisiko larria eragiten du”.