Lau radar eta horientzako hogei kokaleku egongo dira Gasteizen

Erredakzioa 2025eko urriaren 3a

Lau kokapen berri izango dituzte Gasteizko radarrek. Argazkia: Gasteizko Udala

Bi radar berri erosi ditu udalak, eta kokapen berriak iragarri dituzte, orain artekoez gain, Kantabrikoaren hiribidean, Zadorra hiribidean, Zumabide kalean eta Urartea kalean. 132.000 euroko inbertsioa egin dute teknologian "kalitate jauzia" egiteko.

Bi radar berri izango ditu Gasteizek, gehiegizko abiaduran gidatzen dutenak harrapatzeko eta prebentzio neurri gisa eragiteko. Guztira lau radar egongo dira hirian zehar bueltaka, eta radarrak kokatzeko zortzi kabina berri ere erosi dituzte. Zortzi horietatik lau kabina zaharrak ordezkatzeko erabiliko dira, eta beste laurak "kokapen estrategiko" berrietan jarriko dituzte, radarrek kontrolatutako eremua zabaltzeko.

Kantabrikoa eta Zadorra hiribideetan kokatuko dira bi kabina berri, eta beste bi Zumabide eta Urartea kaleetan. Gainera, Gasteizko Udalak erositako gailu berriek "teknologia aurreratua" dute, aldi berean kontrolatu ditzaketelako bi noranzkoetan datozen ibilgailuak, sei errei guztira.

Bi radar eta zortzi kabina berriak erosteko 132.000 euroko inbertsioa egin du Tokiko Gobernu Batzordeak, "bide segurtasuna eta istripuen prebentzioa indartzeko". Orain arte bezala, radarrak txandaka jarriko dituzte hirian zehar banatutako hogei kabinetan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago