Euskaldunontzako Jabetze Eskolak urriaren 7an itzuliko dira IAKra

Erredakzioa 2025eko urriaren 3a

EJEren aurkezpena iaz, IAKn. Argazkia: ALEA

Malen Aldalurren saioarekin hasiko da datorren asteartean EJEren II. edizioa, eta matrikulatzeko epea zabalik dago. "Menpeko perpausa izateari uzteko" saio bat egingo dute asteartero, azaroaren 11ra arte.

Euskaldunentzako Jabetze Eskolen bigarren edizioa bueltan da Izaskun Arrue Kulturgunean, eta sei saio proposatu dituzte urria eta azaroa bitartean egiteko. Lehena datorren ostegunean izango da, urriaren 7an 18:00etan, Malen Aldalurren bisitarekin. Matrikulatzeko epea zabalik dago, eta aurreko edizioan ez bezala, oraingoan saio bakoitzean izena emateko aukera izango da, ez da beharrezkoa izango ziklo osora joatea.

"Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen", gogorarazten digute antolatzaileek, eta mugitzeko arrazoiak bilatzea proposatzen digute "ezagutzan eta hausnarketa bideetan". Jabetze Feministarako Eskolen bideari jarraituz, euskararen alorrera ekarri dute egitasmoa bigarrenez, euskaldun gisa ahalduntzeko eta eraginkorragoak izateko, jendartea eraldatzera bidean. Oraingo honetan ere Manex Agirre Arriolabengoak dinamizatuko ditu saioak.

2024-25 ikasturtean hasitako lanak jarraipena izango du beraz, aurten. Urriaren 7tik azaroaren 11ra, asteartero arratsaldeko 18:00etan, Izaskun Arrue Kulturgunean. Gonbidatu bereziak izango dira aurtengoan ere. Malen Aldalurren saioarekin hasiko dute ziklo berria, eta jarraian etorriko dira Blanca Urgell, Iñigo Urrutia, Maialen Lujanbio eta Esti Amorrortu. Azaroaren 11ko azken saiorako hiru pertsona deitu dituzte, Arabako euskararen biziberritze saiakerak gertutik ezagutzen dituztenak: Oskar Garcia de Bikuña, Jokin Larrañaga eta Aritz Martinez de Luna.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago