Hamar urte bete ditu Vitoria-Gasteiz Hobetuz-ek, herritarren parte hartzea sustatzeko egitasmoak. Aurten ere Gasteizko bizilagunek udalari proiektuak proposatzeko aukera izango dute, urriaren 15etik azaroaren 16rakoa izango da epea. 3 milioi euroko aurrekontua eskaini dute aurtengo ediziorako, eta orain arteko funtzionamendu berbera mantenduko du: herritarrek proposamenak aurkeztu, teknikoki bideragarria den aztertu eta bozketara igaroko dira proiektuak.
Proiektu bakoitzak 350.000 euroko gehieneko zenbatekoa eskatu ahal izango du, orain arteko 300.000 euroen aldean. Gainera, aurrekontuaren %30a gorde egingo da bide publikoko obrei lotuta ez dauden proiektuetarako. Berrikuntza dakarten proiektuek %10eko osagarria jasoko dute. Auzo edo eremu bakoitzean bi proiektu garatuko dira gehienez, banaketa orekatua bermatzeko.
Beti bezala, "interes orokorrekoak, udal eskumenekoak eta bideragarriak" izan beharko dira proiektuak, eta aipatutako aurrekontura egokituak. 2026ko otsailean iragarriko da zer proiektuk bete dituzten baldintza teknikoak, eta otsailetik martxora bozkatu ahalko dute 16 urtetik gorako herritarrek.
Hamar urtez parte hartzen
2015ean abiatu zen Gasteizko Udalaren partaidetza programa, hasieran auzoetako beharrak plazaratzeko ekimen gisa, eta egonkortzen joan da hamarkada honetan zehar. 50 proiektu baino gehiago burutu dira, "milaka pertsonaren inplikazioari esker", udaletik adierazi dutenez. Asko espazio publikoan zentratu dira, Ospitale plazako lanak adibidez, baina izan dira adinekoentzako pentsatuak, jasangarritasunari lotuak, bidegorriekin edota Eraztun Berdearekin zerikusia dutenak eta baita proiektu kulturalak ere.
Hamar urte hauek ospatzeko, herritarrentzako gala bat prestatu du Gobernu Irekiaren sailak. Egindako proiektuen argazki erakusketa bat egongo da ikusgai hainbat gizarte etxetan, eta urriaren 14an Europa Jauregian egingo dute jaialdi nagusia.