Asteartean Precoan bildu ziren greban dauden lorezainen ordezkariak eta Enviser enpresa, akordio batera heltzeko. Bilera akordiorik gabe amaitu bazen ere, itxaropenerako tartea zabaldu zuen, enpresak ez baitzion zuzenean ezezkorik eman langileen proposamen berriari, aurreko bileretan gertatu izan den bezala. Denbora eskatu zuen Enviserrek, eta ostegun honetan da erantzuna ematekoa.
Erantzun horren faltan, presio neurri berri bat iragarri dute lorezainek. Akordiorik ezean gose greban jarriko dira Gasteizko Udalak azpikontratatutako lorezainak. Langileen ordezkariek diotenez, enpresari eskainitako azken proposamena "errealista eta egingarria" da, eta soldata duinak bermatuko lituzke 2025etik. Udalak eskatu bezala, haien eskaerak jaitsi dituzte lorezainek, baina soldata igoera nabarmena ezinbesteko neurritzat dute hasieratik.
Mugimendu garrantzitsua egin dutela diote lorezainek, negoziazioa desblokeatzera bidean. Enpresak bere aldetik ez die proposamenik egin langileei azken bi hilabeteetan. Enpresaren eta udalaren erantzukizuna nabarmendu dute langileek, eta akordioa lortzeko ahalegina egitea eskatu diete. "Borroka fase berri bat" iragarri dute enpresak proposamena onartzen ez badu, gose greba izanik adierazpen nagusia.