Haur pornografia ugari aurkitu diote Gasteizen atxilotutako gizon bati

Erredakzioa 2025eko urriaren 1a

Gasteizko ostatu batean atxilotu dute gizona. Argazkia: Guardia Zibila

Avilan abiatutako ikerketa baten haria jarraituz atxilotu dute 56 urteko gizon bat Gasteizen. Haur pornografiako 6.500 eduki atzeman dizkiote etxean.

Guardia Zibilak gizon bat atxilotu du Gasteizen, haur pornografiarekin lotuta. Avilan hasi zen ikerketa, Gaztela eta Leonen, 13 urteko haur baten amak salaketa egin zuenean, ikusita bere semea ezezagun batekin elkarrizketak izaten ari zela. Azkenerako Gasteizen atzeman dute gizona, eta bera bizi zen ostatua miatu ostean haur pornografia eduki ugari topatu dituzte, 6.500 inguru.

Gizona lehenagotik ere zigortua izan da pederastiarekin lotutako delituekin, eta debekatua zeukan adin txikikoekin harremanik izatea. Ez zuen etxebizitza ezagunik, eta ez zegoen berarekin lotutako telefono zenbakirik ez banku konturik. Sare sozialen bidez egiten zuen harremana adin txikikoekin eta eduki sexualak lortzen zituen hala.

Motozale izena jarri dio Guardia Zibilak operazioari (euskaraz jatorrizkoan), eta gizona jarraitzeko lanetan aritu ostean Gasteizko ostatu batean aurkitu diote bizilekua. Atxilotu ostean gailu elektronikoak atzeman zizkioten, eta hauetan arakatuz 5.000 bideo aurkitu dituzte, 2.500 haur pornografiari lotuak, eta 150.000 irudi, 4.000 inguru haur pornografiari lotuak.

Epailearen esku dago gizona orain, eta hainbat delitu leporatu dizkiote, horien artean adingabeen ustelkeria, zigorra haustea eta haur pornografia eduki eta zabaltzea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago