EH Bilduk salatu du Arabako gizarte bazterketaren egoera okerrera egiten ari dela herrialdean, eta "baliabideen gabezia larriak" erantzun azkar eta eraginkorra eskatzen duela azpimarratu du. EH Bilduk adierazi du une honetan 42 pertsona daudela itxaron zerrendan foru baliabide bat eskuratzeko, horietatik hiru emakumeak.
EH Bilduren arabera, hau da Araban halako itxaron zerrenda bat egon den lehen aldia. "Argi dago baliabideak ez direla nahikoak", adierazi du Claudia Venceslao Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren ordezkariak. Haren esanetan, bai Gizarte Bazterkeriaren Balorazio Zerbitzuak artatutako pertsonen kopurua, bai baliabide baten zain daudenen kopurua "izugarri" hazi dira azken urteotan.
Koalizioak gogorarazi du 2022ko EAEko bizitegi bazterketari buruzko VI. ikerketak jada ohartarazi zuela egoeraren larritasunaz. Azterketaren arabera, Gasteiz da kalean bizi diren emakume gehien dituen hiria erkidegoan.
Bestalde, Arabako 2024-2030 Gizarte Zerbitzuen Mapa egin aurreko diagnostikoak agerian utzi du 2030erako aurreikuspenak asetzeko defizita dagoela: 64 egoitza eta 78 eguneko zentro faltan daude. EH Bilduren arabera, azken urteotan baliabideak ez dira handitu, baizik eta murriztu: "Plazak suntsitu dira".
Baliabide bakarra
Gaur egun Arabako Foru Aldundiak baliabide bakarra dauka bazterketa egoeran dauden pertsonentzat: Besarkada Etxea, 14 plazarekin. Aurreikusitako Abegi baliabide berriak ere beste 14 plaza eskainiko lituzke, baina EH Bilduren ustez "ez da nahikoa egungo beharrei aurre egiteko".
Egoera horren aurrean, EH Bilduk Gorka Urtaran Gizarte Politiketako foru diputatuaren agerraldia eskatu du, egoera honi aurre egiteko aldundiak hartuko dituen neurriak azal ditzan.