Baskonia 96-102 Olinpiakos

Debut gazi-gozoa

Aritz Martinez de Luna 2025eko urriaren 1a

Forrest izan zen taldeko onenetakoa bere joko estiloa entrenatzailearen beharretara egokituta. / Argazkia: Baskonia

Denboraldiko lehen partida ofiziala galdu du Baskoniak, Olinpiakos talde sendoaren aurka irudi ona eman arren (96-102).

Zalantzaz beterik ekin zion Baskoniak bart gauean denboraldi berriari. Iazko irudi kaskarra atzean utzi eta taldea goitik behera eraberritzeko erabakia hartu ostean, aurpegi berri asko izan ziren atzokoan Baskoniaren elastikoa soinean, eta emandako irudia ez zen txarra izan inondik inora.

Egiari zor, partidako lehen 5 minutuak ahazteko modukoak izan ziren. Kargua estreinakoz hartzen zuen Galbiati entrenatzailearen mutilek tokia hartu ezinik abiatu zuten norgehiagoka. Olinpiakosen berriz ondo ezagutzen dute ofizioa eta konturatu orduko zaplasteko ederra eman zioten Baskoniari markagailuan (4-19, 6. minutua pasata).

Baina Euroligan esperientziarik gabeko entrenatzaile italiarrak bestelako joko arin eta alaia eskaintzeko asmoa zuela adierazi du denboraldiaurrea, eta hala izan zen momentu horretatik aurrera. Joko bizia nahi du aurtengo Baskoniak, eta bere erritmoa ezartzea lortu zuen azkenik. Aldageletara bidean markagailua ia berdintzea lortu zuten gasteiztarrek (48-49).

Bigarren zatian aurretik jarri ziren gasteiztarrak Luwawu-Cabarrot, Diallo, Howard eta Forrest bezalako jokalarien ekarpen onari esker, eta partida irabaz zezaketela amesten hasi ziren Buesa Arenan bildutako ia 9.000 jarraitzaileak. Gutxik pentsatuko zuten partida hasieran halakorik.

Baina ondo dakigu goi mailako partidetan eskarmentua izatea zer den, eta Vezenkov edo Fournier bezalako jokalariek partidako azken minutuetan baloia esku artean hartzen dutenean zaila izaten da horiek gelditzea. Ozta-ozta ihes egin zion garaipenak Baskoniari, baina sasoi honetan espero daitekeenaren sentsazio gozoarekin joan ziren jarraitzaileak atzokoan etxera.

Ostiralean bertan izango dute bigarren aukera lehen garaipena lortzeko, itxuraz Olinpiakos baina makalagoa beharko lukeen Asvel Villeurbanneren kontra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago