Gasteizko Udaltzaingoak 31 urteko gizonezko bat atxilotu du gaur goizaldean, bere bikotekideari heriotza mehatxuak egin eta labanaz erasotzeagatik.
Ariznabarra auzoko etxebizitza batean Polizia joateko eskatzeko deitu dute 02:00ak pasatxo zirenean, gizon batek bikotekidea labana batekin mehatxatzen zuelako. Patruila bat berehala iritsi da etxebizitzara, eta bertan aurkitu ditu bikotea eta emakumearen arreba. Gizonezkoak hatz batean ebaki bat zuen eta etxeko hainbat gela odolez zikinduta zeuden.
Emakumeen adierazpenen arabera, gizonezkoa etxera iritsi zenean labanaz mehatxu egin zien eta harekin izandako borrokan zauritu ziren. Gainera, emakumeek salatu zuten mehatxuak eta irainak ohikoak zirela gizonezkoaren aldetik. Udaltzainek gizona atxilotu zuten genero indarkeriarekin lotutako ustezko egilea bezala.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.