Heldu da Eusko Jaurlaritzaren ebazpena, eta espero bezala tentsio handiko eremu izendatu du Gasteiz. Etxebizitza lortzeko dauden zailtasunak aitortu ditu hala, eta Gasteizko Udalari aukera zabaltzen dio etxebizitza merkatuan esku hartzeko. Neurria ez da oraindik ofiziala, urriaren amaieran agertuko baita Espainiako Aldizkari Ofizialean, eta orduan sartuko da indarrean.
"Neurri horri esker, merkatuaren disfuntzioak zuzentzera eta etxebizitza eskaintza irisgarria handitzera bideratutako politika publikoen sorta bat aplikatu ahal izango da", azaldu du Maider Etxebarria Gasteizko alkateak. Bost ardatz izango dituen "talka plana" aurkeztu du udalak, eta bertan aipatu dituzte, besteak beste, etxebizitza berriak eraikitzea, alokairuen prezioak mugatzea edota lonjetako etxebizitzak baimentzea.
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak adierazi duenez, "helburua tentsionamendutik irtetea da, baina hori alokairuko etxebizitza babestu gehiago eraikiz eta eskaintza eskariarekin orekatuz bakarrik lortuko dugu". Maizterrak babesteko duten erantzukizuna aipatu du, "gaur egun oihaneko higiezinen legearen mende baitaude". EAEko biztanleen ia erdia bizi da tentsio handiko eremuetan (%47), eta ehunekoak gora egitea espero da datozen hilabeteetan, izendapen bera lortzeko izapideak abiatu dituztelako Lezon, Zestoan, Arrasaten, Tolosan eta Hernanin gutxienez.
Talka planaren ardatzak
Bost ardatz ditu udalaren planak, esan bezala. Etxebizitza babestuak eraikitzea da neurri nagusietako bat. Datozen hiru urteetan 3.012 etxebizitza berriren eraikuntza sustatuko dute, eta horien % 53a babestutako alokairu erregimenean zabalduko da. Eusko Jaurlaritza eta udalaren artean 950 ekimen publiko sustatuko dituzten Zabalganan, Salburuan, Ibaiondon eta Abetxukun. Ekimen pribatutik abiatuta beste 1.383 etxebizitza sozial eta tasatu sortuko dira. Azkenik, udala eta Jaurlaritzaren artean hau ere, 679 etxebizitza eraikiko dira Arkaiaten eta Larreinen.
Alokairuaren prezioak mugatzeko aukera ere izango du Gasteizko Udalak, baina gogorarazi dute hiriko alokairu kontratuen %90ek jada mugatuta dituztela prezioak etxebizitza eskubideari buruzko 12/2023ko Legearen bidez. Beraz, neurri berriek alokairuen %10ari soilik eragingo lioke, hau da, jabe handien etxeei, lehen aldiz alokatzen direnei edo azken bost urteetan alokatu ez direnei. Gainerakoek jada zehaztuta dute ezin dutela KPIaren gaineko igoerarik egin.
Beheko solairuetan dauden lokalak etxebizitza gisa egokitzeko aukera zabalduko du udalak, eta aldi baterako "beste ostatu formula batzuk" bultzatuko direla jakinarazi du, gazteentzat, adinekoentzat eta kolektibo zaurgarrientzat.
Bestalde, OHZn %50eko igoera ezarri die udalak erabiltzen ez diren etxebizitzei, eta formula fiskal berriak ere gehitu ahal izango ditu, sustatzeko hutsik dauden etxeak alokairu merkatura ateratzea. Gainera, azken neurri gisa, udalak orain arteko laguntzak mantendu eta indartu egingo ditu etxebizitzen energia eraginkortasuna, irisgarritasuna eta bizigarritasuna hobetzera bideratuta.