Gasteizko Udaltzaingoak 61 urteko gizonezko bat atxilotu zuen ostegun arratsaldean, emakume ohiarengandik zuen urruntze agindua urratzeagatik eta lesioak eragiteagatik. Gainera, emakumea hiru egunez atxikita izatea eta tarte horretan eraso fisikoak egitea leporatzen diote gizonari.
Lakua-Arriaga auzoko etxebizitza batean atxilotu zuten gizona 14:30 aldera. Gizonak berak deitu zuen 092 telefonora salatuz emakume ohia bere etxeko txirrina jotzen ari zela. Udaltzainek, ordea, lekukotzak entzun ostean argitu zuten gizonak baimendu zuela emakumea bere etxean sartzen eta bertan hiru egunez atxikita eduki zuela, tartean eraso fisikoak eginez.
Egoera ikusita, udaltzainek gizonezkoa atxilotu egin zuten, eta ikerketa judiziala abiatu da.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.