Gasteizko Udalak 30.000 euro gehiago bideratu ditu euskararen erabilera sustatzera

Erredakzioa 2025eko irailaren 26a

Maria Nanclares Euskara zinegotziak iragarri du igoera. Argazkia: ALEA

199.000 euro banatuko ditu guztira proiektuak diruz laguntzeko. Guraso elkarteentzako lagutzen kopurua handitu dute bereziki.

Gasteizko Udalak gaur onartu du euskararen erabilera sustatzeko dirulaguntzen kreditua handitzea. 30.000 euro gehiago bideratuko dituzte proiektu hauetara, 199.000 euro guztira. Erabaki honekin, aurreko ekitaldian baino 103.000 euro gehiago bideratuko dira erabilera sustatzera.

Zehazki, guraso elkarteen eta guraso elkarteen federazioek antolatutako ekintzetarako laguntzetan igo dute kopurua. Kategoria honetarako 89.000 euro egongo dira eskuragai. "Aurrekontua handituta, guraso elkarteen inplikazioa aitortu eta babestu nahi dugu, balio handiko proposamenak aurkeztu baitituzte euskara txikienei haien egunerokoan hurbiltzeko" adierazi du Maria Nanclares Euskara zinegotziak.

Guraso elkarteen lerroaz gain, beste hiru lerro ere baditu dirulaguntza deialdiak. Kirolean, aisialdian eta denbora librean euskararen erabilera sustatzeko 65.000 euro bideratuko dira. Bestalde, lan osoa edo zati bat euskaraz egiten duten Gasteizko hedabideentzako 30.000 euro eskainiko dituzte, eta azkenik, 15.000 euro bideratuko dituzte euskarazko kultur jarduerak sustatzeko Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, azaroaren 1etik abenduaren 17ra bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago